Amurrioko eta Urduñako Udalek urriaren 22an, asteazkenean, bilera egingo dute Renfeko ordezkariekin tren konpainiaren egoitzan. Topaketaren helburua bi udalerrietako herritarren zalantzak, kexak eta hobekuntza-proposamenak zuzenean helaraztea da, C3 Aldiriko linearen (Abando–Orduña) ordutegiei eta azken aldaketei dagokienez.
Azken asteetan jasotako kontsulta eta kexa ugarien aurrean, bi udalek herritarren kezka horiek modu bateratuan bideratzea erabaki dute, Renferi helarazteko eta zerbitzua herritarren beharretara egokitzeko azalpenak eta irtenbideak eskatzeko.
Bi udalerrietako Herritarrentzako Arreta Zerbitzuek (HAZ) irekita jarraituko dute urriaren 22ra arte, herritarren ekarpen guztiak jaso eta bileraren dokumentazioan txertatzeko asmoz.