Amurrioko eta Urduñako Udalek Renfe eta Adifeko ordezkariekin herritarren kexak eta eskaerak helarazteko bilera egin dute

Erabiltzailearen aurpegia Amurrioko Udala 2025eko urriaren 23a

Bileran C3 lineako gorabeherak aztertu ziren eta ordutegien egokitzapena zein neurri aringarriak eskatu ziren. Renfek atzerapenen arrazoi nagusia Ollargan eta Basauriko obrak direla azaldu zuen, eta tren irisgarriekiko konpromisoa berretsi zuen.

Atzo, Amurrioko eta Urduñako alkateek Renfe eta Adif-eko arduradunekin, herritarren kexak, iradokizunak eta eskaerak helarazteko bilera izan zuten, azken hilabeteotan C3 lineako zerbitzuak izan dituen gorabeheren aurrean.

Bileran, udal ordezkariek herritarren kezka nagusiak azaldu zituzten, batez ere ordutegien aldaketen eta obrek eragindako eragozpenen inguruan, eta Renfe zein Adif-i tren zerbitzua hobetzeko neurriak har ditzatela eskatu zieten bitartean sarean egiten ari diren lanak amaitu arte. Planteatutako gaien artean, goizeko lehen orduko eta gaueko azken orduko trenen ordutegiak berrikusteko eta egokitzeko beharra nabarmendu zen, Bilbora joateko eta etortzeko mugikortasuna errazteko. Halaber, autobus bidezko ordezko zerbitzuak ezartzea eskatu zen obrek edo pilaketek eragindako tarteetan, baita trenak geldirik daudenean herrigunean sortzen dituzten eragozpenak murrizteko konponbideak bilatzea ere, bereziki gaueko ordutegietan.

Bestalde, Renfeko ordezkariek azaldu zuten C3 lineako arazoen arrazoi nagusia Ollargan eta Basaurin egiten ari diren obrak direla. Azaldu zutenez, Basauriko tartean bide bakarra dago erabilgarri, eta horrek pilaketak eta atzerapenak eragiten ditu bai aldiriko trenetan, bai merkantzia, Alvia eta tren pribatuetan ere. Era berean, Renfek argitu zuen ez dagoela ez tren faltarik ezta makinista faltarik ere, eta irisgarritasunarekiko konpromisoa berretsi zuen, baieztatuz bainudun eta irisgarriak izango diren tren berriak txertatzeko proiektua martxan jarraitzen duela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide