Beste urte batez, Amurriok Ludoteka dinamizatuaren 2. txanda eskainiko du haurrei jolasak, tailerrak eta hainbat jarduera dibertigarriz osaturiko egitarau baten bitartez,euskarazko aisialdi hezitzailerako alternatiba eskaintzeko helburuarekin. Zerbitzua, astelehen, astearte edota asteazkenetan eskainiko da 17:00etatik 19:30era.
Plazak mugatuak dira, beraz, parte hartu nahi dutenek abenduaren 9tik 27ra izango dute izena emateko. Horretarako, Ludotekan (17:00etatik 19:30etara) dagoen formularioa bete eta ordainagiria aurkeztu beharko da (Udaleko kutxazainean edo banku-transferentzia bidez egin ahal izango da, haurraren izen-abizenak adieraziz).
Aurrematrikula egin ondoren, plaza esleitutakoan, behin betiko inskripzioa egingo da. Amurrion erroldatutakoek lehentasuna izango dute eta erroldatuta ez daudenek libre geratzen diren plazak bete ahal izango dituzte.
Prezioa 52 eurokoa izango da, baina baliteke hobari bat izatea, Ludoteka zerbitzua emateko tasa arautzen duen 7. Ordenantza fiskalaren arabera.