Amurrioko Udalak gaur bertan egingo ditu herriko bi bidetako zorua konpontzeko lanak: San Roke hiribidea eta Etxegoien bidea, zirkulazioaren segurtasuna eta erosotasuna hobetzeko helburuarekin.
Jarduera horiekin "bide digitalen bidez egindako eskaerei zein aurrez aurre jasotakoei erantzuten diegu, bide-segurtasunari eta gure kale eta bideen egoera onari lehentasuna emanez", adierazi du Beñat Busquets hirigintzako zinegotziak. Halaber, gaineratu duenez, "beharrezko esku-hartzeak dira zorua egoera ezin hobean mantentzeko eta narriadura txikiek arazo handiagoak eragin ez ditzaten".
San Roke etorbidean egin beharreko lanei dagokienez, Nerbioi ibaiaren gaineko zubiaren eta Ruperto jatetxearen arteko zatian egingo dira jarduketak. Eremu horretako zoruak azaleko narriadurak ditu, eta hondatze horiek ez diote eragiten bidearen euste-ahalmenari, baina bai errodadura-geruzari. Hori dela eta, hondatutako eremuak fresatzean eta ondoren asfalto berriarekin adabakiak jartzean oinarritutako soluzio tekniko bat aukeratu da. Soluzio hori makineria espezifikoarekin trinkotuko da, bidearen azalera behar bezala lehengoratzeko. Jarduera honek erantzuna ematen die Linea Berdea web aplikazioaren bidez erregistratutako herritarren hainbat eskaera eta kexari. Guztira, 546 m² inguruko azaleran esku hartuko da.
Bestalde, Etxegoien bidean, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (HAZ) aurrez aurre jasotako eskaera bati erantzuten diote lanek. Ukitutako zatia Etxegoien kalearekiko bidegurutzetik Babio bidearen bidegurutzeraino hedatzen da. Bide honek joan-etorri gutxi baditu ere, zoruakkazola; motako zuloak ditu, eta esku hartzea beharrekoa da.
Konponketei dagokionez, zuloak aldez aurretik fresatu eta ukitutako puntuetan asfaltoa birjarriko da, guztira 90 m²-ko azaleran jardunez. Amurrioko Udalak eskerrak eman nahi dizkie herritarrei obrak egin bitartean sor daitezkeen eragozpen puntualen aurrean eskainitako laguntzagatik.