Amurriok hartuko du Ermuaren lekukoa eta 2026an Migratzaileen Nazioarteko Eguna ospatuko du. Hala jakinarazi zuen atzo Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko Sailak, migratzaileen integrazioa eta harrera aitortzeko urteroko ekitaldian, Migraziorako Euskal Itun Sozialaren esparruan. Iragarpen honen bidez, udalerriak inklusioaren, aniztasunaren eta kulturarteko bizikidetzaren balioekiko konpromisoa indartzen du, Migraziorako Euskal Itun Sozialaren printzipioen ildotik.
"Amurriorentzat ohore eta erantzukizun bat da 2026an ekitaldi hau hartzea, bizikidetzarekiko, aniztasunarekiko eta giza eskubideekiko konpromiso kolektiboa sinbolizatzen duena. Gure udalerria harrera eta topaleku izan da historikoki, eta errelebo honek komunitate kohesionatu bat eraikitzen jarraitzeko aukera ematen digu, non pertsona guztiak, euren jatorria edozein dela ere, Amurrioko partaide aktibo sentituko diren" adierazi du Txerra Molinuevo Laña alkateak.
2022tik, Eusko Jaurlaritzak Pertsona Migratzaileen Nazioarteko Eguna ospatzen du, Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2000. urtean aldarrikatutako datarekin bat eginez. Horrela, "Udalak modu koordinatuan lan egingo du Eusko Jaurlaritzarekin eta tokiko gizarte-sarearekin, 2026ko oroitzapena migrazioaren inguruan hausnartzeko, aintzatesteko eta herritarrek parte hartzeko gunea izan dadin, gure gizartea aberasten duen balio gisa", amaitu du alkateak.