Amurrioko Udalak bi jarduera berri onartu ditu udalerriko hainbat puntutan bide-segurtasuna hobetzeko: bide-markak berriro pintatzea eta abiadura murrizteko gailuak jartzea herritarrek zailtzat jotzen dituzten tarteetan.
Bi neurri horiek auzotarrek auzo-batzarretan egindako eskaerei erantzun zuzena ematen diete. Batzar horietan, agerian geratu zen trafikoaren gehiegizko abiadurak kezka eragiten duela eta horrek arrisku handia dakarkiela oinezkoei, txirrindulariei eta, bereziki, adingabeei eta adinekoei.
Abiadura murriztaileen kasuan, auzotarren eskaerak etengabeak izan dira azken urteetan. Batzarretan, auzoek azpimarratu zuten trafikoa baretzeko neurri eraginkorrak hartu behar zirela, hiriguneetan abiadura desegokian zirkulatzen duten egoerak behin eta berriz gertatzen direlako. Hainbat aukera aztertu ondoren, Udalak beste udalerri batzuetan eraginkorrak direla erakutsi duten elementuak instalatzea erabaki du, ibilgailuen abiadura murrizteko eta puntu kritikoetan segurtasuna handitzeko. Adibidez, oinezkoen gaineko pasabideak edo “lomo de asno” deitutato abiadura murriztaileak.
Aparkalekuetako markak eta oinezkoentzako seinaleak berriro pintatzeko lanak duela gutxi mantentze-lanak egin diren bideetan egingo dira, edo Udaleko zerbitzu teknikoek eta Amurrioko Udaltzaingoak lehendik dauden seinaleak nabarmen hondatuta daudela detektatu duten bideetan.
Erabaki horiekin, Udalak berretsi egiten du auzoen eskutik lanean jarraitzeko borondatea, udalerri osoan bizi-kalitatea, segurtasuna eta mugikortasuna hobetzeko.