Amurrioko Udalak Indesari eskatu dizkio udaleko garbiketa eta lorezaintza zerbitzuak

Erabiltzailearen aurpegia Amurrioko Udala 2026ko apirilaren 17a

Lan horiek baliabide propio bati eskatzean, Udalak eredu publiko eta sozial baten aldeko apustua egiten du, desgaitasuna duten pertsonen laneratzea sustatzen duena.

Amurrioko Udalak Indesa 2010, S.L.ri esleitu dizkio udal eraikinetako hainbat garbiketa zerbitzuak eta lorezaintza lanak, orain arte enpresa pribatuek egiten zituztenak. Erabaki horrek eredu aldaketa dakar zerbitzu horien kudeaketan, prestazioaren eraginkortasuna eta konpromiso sozial argiarekin konbinatzen duen erakunde publiko baten aldeko apustua eginez.

Indesa Arabako Foru Aldundiak eta hainbat erakunde publikok (besteak beste, Amurrioko Udalak eta Eusko Jaurlaritza) parte hartzen duten berezko baliabidea da. Haren helburu nagusia desgaitasunen bat duten pertsonentzako lan-aukerak sortzea da, batez ere lan-merkatuan sartzeko zailtasun handienak dituztenentzat. Garbiketa, lorezaintza, garbitegia edo kudeaketa industriala bezalako zerbitzuen bidez, Indesak gizarteratzen eta laneratzen laguntzen du, bere jarduera erantzukizun sozialeko eta garapen jasangarriko balioekin lerrokatuz.

Testuinguru horretan, Amurrioko Udalak Indesari eskatu dio lan hori, kontratazio publikoan irizpide sozialak txertatuz eta politika inklusiboekiko konpromisoa indartuz. Eredu horrek, gainera, zerbitzuaren kalitatea bermatzen du, administrazio publikoentzako lan-mota horien kudeaketan esperientzia handia duen baliabide propioa baita.

Garbiketa-zerbitzuaren enkarguan instalazio hauek sartzen dira: Mendiko Eskolako eraikinak (Lehen Hezkuntza eta Haur Hezkuntza), Helduen Hezkuntza eta prestakuntza-gelak, San Jose gizarte-etxea, Kultur Etxea, Musika Eskola, Tantaka haur-eskola eta hainbat espazio publiko eta udal-ekipamendu. Pixkanaka gainerako ekipamendu eta ikastetxeetara zabalduko da, gaur egun indarrean dauden kontratuak amaitu ahala.

Lorezaintza-zerbitzuak, berriz, hiriguneetako, auzoetako eta industrialdeetako berdeguneen mantentze-lanak hartuko ditu, baita platanondoak inaustea ere.

Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak nabarmendu duenez, “kontratazio eredu arduratsuago baten alde egiten dugu, zerbitzu ona bermatuko duena eta, aldi berean, inpaktu sozial positiboa sortuko duena”. Zentzu horretan, “Indesa bezalako enpresa publiko batekin lan egitearen balioa” azpimarratu du, “desgaitasuna duten pertsonen inklusio soziolaboralean aurrera egiteko eta arlo publikotik konpromiso soziala indartzeko aukera ematen digulako”.

Erabaki horrekin, Amurrioko Udalak indartu egin du kontratazio publiko arduratsuaren aldeko apustua. Kontratazio horretan, zerbitzuen eraginkortasunari eta kalitateari lehentasuna emateaz gain, lurraldean duten eragin sozial positiboa ere lehenesten da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide