Amurrioko Udaleko Gizarte Zerbitzuek herritarrei zuzendutako informazio-mezu bat zabaldu dute pertsona migratzaileen ezohiko erregularizazio-prozesu berriari buruz, duela gutxi BOEn dagokion dekretua argitaratu ondoren.
Helburua da prozeduraren baldintzei buruzko informazio argia eta fidagarria eskuratzea, eta informazio hori izapidetzearekin lotutako iruzurrak prebenitzea.
Alderdi nagusietako bat da kalteberatasun-egoeran egoteko baldintza ez dela egiaztatu behar interesdunak gutxienez honako kasu hauetako bat betetzen badu: Espainian lan egin izana edo behar bezala egiaztatutako lan-eskaintza edo lan-asmoa izatea; Espainian bizitzea, familia-unitatearekin batera, baldintza jakin batzuetan (adingabeko seme-alabekin, desgaitasunen bat duten pertsonekin edo mendeko aurrekoekin); edo nazioarteko babesa eskatu izana 2026ko urtarrilaren 1a baino lehen.
Kasu horietako bat ere betetzen ez bada, pertsonek kalteberatasunari buruzko txosten bat erantsi beharko dute, gizarte-zerbitzuek edo Atzerritarren Laguntzaileen Erregistroan inskribatutako erakundeek egina, aurretiko hitzorduaren bidez, eta jasota geratu beharko da hitzorduaren arrazoia dela txosten hori lortzea ezohiko erregularizazio-prozesurako. Ziurtagiri horrek prozedura horretarako bakarrik balioko du, eta 2026ko ekainaren 30ean amaituko da.
Amurrioko Udalak gogorarazi du izapide horretarako hitzordua eskatzea guztiz doakoa dela. Bere kudeaketarengatik dirua eskatzen duen edozein pertsona edo erakunde iruzur egiten ari da.
Eskaerak aurrez aurre egin ahalko dira apirilaren 20tik aurrera, hitzordua eskatuta, edo modu telematikoan, Atzerritarren Laguntzaileen Erregistroan inskribatutako entitateetako profesional gaituen bitartez.
Prozesu hau dela eta, Pertsona Migratzaileen Harrera eta Integraziorako Zuzendaritzak, Biltzen zerbitzu juridikoaren bidez, informazio saioen ziklo bat antolatu du inguruko herrietan, zalantzak argitzeko eta prozeduraren tramitazioan laguntzeko:
- Gasteiz: apirilak 24 (Aldabe Gizarte-etxea, 18:00-20:00)
- Donostia: maiatzak 6 (San Telmo Museoa, 18:00 20:00)
- Bilbo: apirilak 30 (Deustoko Udaltegia, 18:00–20:00)
Saio horien helburua da ezohiko erregularizazio-prozesuari buruzko orientazio praktikoa eta irisgarria eskaintzea, ulermena eta izapidetzea erraztuz. Udaletik gogorarazi dute garrantzitsua dela beti gaian espezializatutako erakunde ofizialen eta GKEen bidez informatzea.