Amurrio Bidean, Amurrioko Udaleko tokiko garapenerako agentziak, kanpaina berri bat jarri du abian tokiko merkataritza sustatzen jarraitzeko Amurrio Berrikusi aplikazioaren bidez. Aplikazioaren bigarren urteurrena dela eta, 2.000 euroko erosketa-txartel bat zozkatuko da aplikaziora erosketa-tiketak igotzen dituzten erabiltzaileen artean.
Kanpaina 2026ko maiatzaren 21etik ekainaren 21era egingo da. Parte hartu ahal izango dute Amurrio Berrikusi egitasmoari atxikitako establezimenduetan erosketak egin eta euren tiketak app-era igotzen dituzten guztiek.
Erosketetan pilatutako 20 euro bakoitzeko, parte-hartzaileek zozketan parte hartuko dute, eta, horrela, zenbat eta kontsumo handiagoa izan tokiko merkataritzan, orduan eta aukera gehiago izango dituzte irabazteko.
Nola parte hartu:
- Sartu Amurrio Berrikusi aplikazioan
- Sartu “Club AB” atalean
- Zozketak” → “Amurrio Berrikusi bigarren urteurreneko zozketa” atalera sartu
- Erosketa-tiketa igo
Zozketa ekainaren 23an egingo da, eta irabazleak 2.000 euroko erosketa-txartela eskuratu ahal izango du. Txartel hori uztailaren 4an trukatu beharko du kanpainari atxikitako establezimenduetan.
Ekimen honekin, Amurrio Bideanek hiri-merkataritzaren dinamizazioarekin duen konpromisoa indartzen du, hurbileko erosketak sustatuz eta kontsumitzaileen fideltasuna sarituz.
Antolakuntzatik herritar guztiak animatu nahi dituzte kanpainan parte hartzera eta Amurrioko eragile ekonomiko eta sozial gisa tokiko merkataritzaren alde egiten jarraitzera.