Amurrioko Jaiak 2026 iragartzeko kartela dago jada. Proposamen irabazlea Puesto estudioak aurkeztu du, Alejandra Álvarez Morphy eta Fernando Arpio diseinatzaileek 2020an sortutako talde independenteak, Mexiko Hirian, Iruñean eta New Yorken egoitzak dituenak.
Amurrioko Udalak egindako deialdiaren bidez hautatu da kartela, eta 22 proposamenek hartu dute parte. Epaimahaiak bereziki nabarmendu du obrak tokiko nortasuna, tradizioa eta hizkuntza garaikidea uztartzeko duen gaitasuna, jai-giroko komunikazio-pieza gisa ezaguna eta eraginkorra den irudi batean.
Proposamenak Iguarrako kokatzen du konposizio baten elementu nagusi bezala, non Amurrioko sinbolo eta espazio esanguratsu ezberdinak agertzen diren, jai giroaren berezko erreferentziekin batera, hala nola konfetia edo su artifizialak. Emaitzak udalerriaren egungo irudia erakusten du, jaiei eta aniztasun sozial eta kulturalari lotuta.
Erabilitako teknika eta proposamenaren argitasun kontzeptuala ere baloratu ditu epaimahaiak, baita Amurrioko paisaia, arkitektura eta jai espiritua bezalako elementuak irudi bakar batean sintetizatzeko gaitasuna ere.
Puesto estudioak identitate bisuala, diseinu editoriala eta espaziora aplikatutako sistema grafikoak lantzen ditu, besteak beste, eta ibilbide ezaguna du nazioartean. Aurtengo edizioan, gainera, batzordeak lehiaketara aurkeztutako proposamenen kalitate eta aniztasun handia nabarmendu nahi izan du.
Haurren kategorian, jaietako kontrazalari dagokiona, 13 urteko Itsasne Basaldua Olartekoetxearen “Guk Jaietan” lanak irabazi du saria. Konposizio dinamiko eta koloretsua, eta jaien izpiritu parte-hartzailea modu alai eta zuzenean transmititzeko gaitasuna baloratu ditu epaimahaiak.

Halaber, aipamen berezia jaso dute Igone Olabarria Albizuaren “Iguarrako Maitekorra” (10 urte); Haizea Larrazabal Uriarteren “Jaiak” (7 urte); eta Daniela Alonso Valdésen “Iguarrako Zoriontsua” (9 urte) lanek.
Sari banaketa 2026ko ekainaren 11n izango da, 18:00etan, La Casona udal erakusketa aretoan. Egun horretan bertan, hautatutako lanen erakusketa bat inauguratuko da, eta ekainaren 20ra arte egongo da ikusgai.