Amurrioko Udalak oso balorazio positiboa egin du joan den asteburuan Aiara Festen bigarren edizioari buruz. Bi egunetan zehar, musika, kultura eta bizikidetzaren inguruko topagune bihurtu da Amurrio, herriko, Euskadiko eta Estatuko hainbat tokitako pertsonak erakarriz.
Naiara Barallobre Kultura zinegotziak azpimarratu duenez, “Aiara Festek berriro erakutsi du Amurriok kalitate handiko kultur ekitaldiak hartzeko gaitasuna duela, askotariko publikoa erakartzeko eta elkarbizitzarako eta parte-hartzerako giro aparta sortzeko gai direnak”.
Programazioak hainbat estilo eta jatorritako artistak eta bandak bildu ditu, eta askotariko proposamen kulturala eskaini du, izen finkatuak eta musika proposamen berriak uztartzeko aukera eman duena. Barietate honek adin eta sentsibilitate ezberdinetako ikusleak erakartzen lagundu du, jaialdia eskualdeko erreferentziazko kultur hitzordu bezala sendotuz.
Udalak bereziki nabarmendu du amurriotarren parte-hartzea, gutxi gorabehera bertaratutakoen erdia izan baita. Erantzun horrek agerian uzten du jaialdiak herrian sortu duen errotzea eta bertako herritarrak kalitatezko kultur proposamen batean inplikatzeko gaitasuna.
Era berean, Udalak bi jardunaldietan bizi izandako giroari balioa eman nahi dio, hainbat belaunalditako pertsonen elkarbizitza, errespetua eta parte-hartzea ardatz hartuta. Familien presentziak eta ekitaldiaren izaera hurbilak jaialdi eredu irisgarri, inklusibo eta lurraldeari lotuaren aldeko apustua indartu dute. Jaialdiak, gainera, lagundu du Amurrioren eta Aiaraldearen irudia gure ingurune hurbiletik haratago proiektatzen, eta erakutsi du lurraldeak potentzial handia duela kultur ekitaldi garrantzitsuak hartzeko.
Udalak Aiara Fest-en antolatzaileek egindako lana eskertu nahi du, baita ekitaldia garatu ahal izan duten erakunde, profesional, boluntario eta inplikatutako pertsona guztien laguntza ere. Era berean, ikusleen portaera eredugarria eta herritarren inplikazioa aitortzen dira asteburu osoan zehar.
Barallobre-ren hitzetan, “kultura funtsezko tresna da kohesio soziala indartzeko, gure herriak dinamizatzeko eta aukerak sortzeko. Aiara Fest bezalako jaialdiek Amurrio Euskadiko mapa kulturalean kokatzen laguntzen dute, eta herri ireki, dinamiko eta kulturarekiko konprometitu gisa dugun identitatea indartzen dute”.
Amurrioko Udalak udalerriko kultura-bizitza aberasten, tokiko jarduera dinamizatzen eta Amurriok kulturaren eta sorkuntza artistikoaren topagune gisa duen zeregina indartzen laguntzen duten ekimenak babesten jarraituko du.