“Eskola bideak” proiektua marraztu dute Elkarguneko haurrek

Erabiltzailearen aurpegia Amurrioko Udala 2026ko ekainaren 7a

Amurrio Antzokian egin zuten aurkezpena. / Amurrioko Udala

Ekimenak haurren autonomia, mugikortasun jasangarria eta ohitura osasungarriak sustatzen ditu, eskolara oinez, patinetez edo bizikletaz joateko ibilbide seguruen bidez

Amurrioko Haurren Elkargunea 2025-2026 taldeak “Eskola bideak” proiektua aurkeztu zuen joan den maiatzaren 12an Amurrioko Antzokian, baita herriko Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailako ikasleen aurrean ikasturtean zehar egindako lana ere.

Haurren Elkargunea haurrek parte hartzeko gunea da, Amurrioko hainbat ikastetxetako 4. eta 5. mailako 20 haur biltzen dituena, Udalari zuzendutako proposamenak lantzeko helburuarekin, udalerria haurren ikuspegitik hobetzeko asmoz. Ikasturte honetan, taldeak “Eskola bideak” proiektuan lan egin du. Ekimen horren bidez, eskolarako joan-etorriak oinez, bizikletaz edo patinez egitea errazteko eskola-bide seguruak eta jasangarriak sortzea planteatzen da.

Haurrek azaldu zutenez, helburua da lagunekin eskolara joateko ibilbide seguru eta atseginak sortzea, haurren autonomia, mugikortasun jasangarria, ohitura osasungarriak eta espazio publikoaren erabilera segurua sustatuz.
Saioetan zehar, Elkarguneak eskola-bide seguruen sarearen proposamen bat diseinatu du, ikastetxeetara eta ikasleen elkarguneetara joateko ibilbide egokienak mapa batean identifikatuz. Horretarako, Amurrioko Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailako ikasleen iritziak eta ekarpenak ere jaso dituzte.

Gainera, familiak eta ikastetxeak sentsibilizatzeko ekintzak proposatu ditu taldeak, eta bilerak egin ditu ikastetxeetako zuzendaritzekin, proposamenak eta gomendioak jasotzeko. Irailetik aurrera, ikastetxeekin, familiekin eta ikasleekin batera lanean hasiko dira, proposamenaren hainbat alderdi zehazteko eta proiektuaren bideragarritasuna eta hura garatzeko bideak aztertzeko.

Amurrioko Udalak oso positibotzat jo du Haurren Elkarguneak aurkeztutako proposamena, eta mugikortasun iraunkorrari, ibilgailu pribatuaren erabilera murrizteari eta haurrentzako ingurune seguruagoak, osasungarriagoak eta atseginagoak sortzeari egiten dion ekarpena nabarmendu du. Era berean, haurrek ikasturtean zehar egindako lana eta udalerriaren hobekuntzan duten inplikazioa balioan jarri da, haurren autonomia, bizi-ohitura osasungarriak eta zaintza komunitarioa sustatzen dituzten proposamenen bidez.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide