Amurrioko Udalak, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak beren koordinazioa indartu dute 2026ko Amurrioko jaiei begira, ospakizunen garapen normala errazteko eta auzokide zein bisitarientzako ingurune segurua bermatzeko.
Joan den ostiralean, abuztuaren 7an, Laudioko Ertzaintzaren eta Amurrioko Udaltzaingoaren buruzagitzetako ordezkariek eta Ertzaintzaren Arabako lurralde-buruak koordinazio-bilera bat egin zuten udal-ordezkariekin, Amurrioko alkate Txerra Molinuevo buru zutela. Topaketan, Amurrioko 2026ko Jaietarako Herritarren Segurtasunerako eta Delituen Prebentziorako Plana aurkeztu zen, data horietarako aurreikusitako neurri nagusiak jasotzen dituena.
Dispositiboak Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren jarduera koordinatua aurreikusten du, bakoitzak bere eskumen-eremuan, bai eta informazio-trukea eta polizia-baliabideak une bakoitzeko beharretara egokitzea ere. Ildo horretan, jende gehien biltzen duten espazio eta ordu-tarteetan poliziaren presentzia indartuko da, gerta daitezkeen gertakariei aurrea hartzeko eta haiei eraginkortasun handiagoz erantzuteko.
Lehentasun nagusien artean, balizko delituak prebenitzea eta atzematea dago, bereziki indarra erabiliz egindako lapurretak, bai eta eraso matxisten eta jaietan segurtasuna eta bizikidetza asalda ditzakeen beste edozein jokabideren aurrean prebentzioa eta arreta eskaintzea ere.
Bi kidegoen arteko koordinazioak dauden baliabideak optimizatzea eta ospakizunetan gerta daitezkeen egoeren aurrean erantzun azkarra ematea ahalbidetuko du. Era berean, arreta berezia jarriko zaie, pertsona asko biltzen direlako edo jaietako jardueren ezaugarriak direla eta, jarraipen berezia behar duten arloei.
“Udalarentzat funtsezkoa da segurtasun-erakunde eta kidegook modu koordinatuan eta plangintza bateratu batekin lan egitea. Amurrioko herritarrek eta egun hauetan bisitatzen gaituzten pertsona guztiek gure jaiez lasaitasunez, giro seguru, inklusibo eta edozein indarkeria motatik aske goza dezaten nahi dugu”, adierazi du Txerra Molinuevok, Amurrioko alkateak.
Udalak herritarrak animatu nahi ditu herriko jaiez arduraz eta errespetuz gozatzera, eta gogorarazi du oso garrantzitsua dela segurtasun eta larrialdi zerbitzuekin elkarlanean aritzea haien esku-hartzea beharrezkoa izan daitekeen edozein egoeraren aurrean.
Guztion artean, Amurrioko jaiak herritar guztien topagune, bizikidetzarako eta gozamenerako gune izan daitezen laguntzen dugu.