Amurrioko Udalak, Arabako Alzheimerdunen eta bestelako Dementzien Senideen Elkartearekin (AFARABA) lankidetzan, HADA programaren edizio berri bat jarriko du abian, narriadura kognitiboa prebenitzeko eta goiz detektatzeko.
Abiapuntu gisa, datorren astelehenean, irailaren 14an, 17:00etan, informazio-hitzaldi bat egingo da Amurrioko Katekesiko eraikinean, asaldura kognitiboak nola prebenitu eta narriadura-zantzu posibleak garaiz detektatu nahi dituzten pertsona guztiei zuzenduta.
Informazio saio honen ondoren, Alzheimer gaixotasunean eta beste dementzietan espezializatutako profesionalek emango duten entrenamendu kognitiboko tailer bat hasiko da. Programak 10 saio izango ditu astean, urriaren 2tik abenduaren 4ra bitartean, eta dementzia diagnostikorik aurkezten ez duten pertsonei zuzenduta egongo da. Tailerrak gehienez hamar plaza izango ditu.
Gizarte Ekintza eta Osasun zinegotzi Laura Fernández Fernándezek nabarmendu duenez, “prebentzioa funtsezko tresna da zahartze osasuntsua bultzatzeko. Hau bezalako ekimenekin herritarrei osasun kognitiboa mantentzen, alerta-seinale posibleak goiz detektatzen eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duten baliabide eta ezagutzak gerturatu nahi dizkiegu”.
HADA programa Amurrioko Udalaren, Amurrio, Aiara, Artziniega eta Okondoko osasun-zentroetako osasun-langileen eta AFARABAren arteko lankidetzatik sortu da.
Programa horren helburua da Alzheimerra eta beste dementzia batzuk dituzten pertsonen eta haien familia zaintzaileen ongizatean laguntzea, eta, gainera, gizartearen sentsibilizazioa eta ezagutzaren transferentzia sustatzea arlo horretan.
Interesa duten pertsonek irailaren 14ko informazio-hitzaldira joateko aukera izango dute, eta bertan, ondorengo tailerretan izena emateko edukiari eta prozedurari buruzko informazioa ere jasoko dute.