Amurriok XXXII. Artzain Eguna ospatuko du irailaren 20an

Erabiltzailearen aurpegia Amurrioko Udala

Berriro ere, lehiaketak, tokiko produktuak, erakusketak eta artzaintzaren munduari lotutako jarduerak bilduko ditu jardunaldiak, eta omenaldi berezia egingo zaie sektorean erreleboa hartzen duten belaunaldi berriei.

Amurrio datorren irailaren 20an XXXII. Artzain Eguna ospatzeko prestatzen ari da. Artzain Eguna uda osteko jai egutegiko hitzordu garrantzitsuenetako bat da, eta artzaintzaren munduari, tradizioei eta ogibide hau bizirik mantentzen dutenen lanari balioa emateko jardunaldi bat.

Artzain Eguneko programazioak, goizean zehar, sektorearekin lotutako jarduera ugari eskainiko ditu, besteak beste, lehiaketak, produktuen dastatzeak, erakusketak eta gaztagintzako erakustaldiak, ohiko artzain txakurren erakustaldiez gain.

Etxeko produktuen eta artisau-produktuen azoka ere izango da jardunaldian, eta Goi Nerbioi eskualdeko produktuek presentzia berezia izango dute. Gazta, txakolina, ogia eta lurreko beste hainbat produktu izango dira protagonista, eta, horrela, bertako ekoizpenaren kalitatea eta aberastasuna gerturatuko diete bizilagun eta bisitariei.

Horren harira, Estibaliz Sasiain Ingurumen zinegotziak nabarmendu duenez, “artzain Eguna aukera bat da artzaintza sektorea bizirik mantentzen dutenen lana aitortzeko eta herritarrei bertako produktuen eta gure identitatearen parte diren tradizioen balioa hurbiltzeko”. Era berean, “etorkizunera ere begiratzearen eta erreleboa hartu eta ofizionhonekin jarraitzeko apustua egiten duten belaunaldi berriak babestearen” garrantzia azpimarratu du.

Kanpai hotsak emango dio hasiera asteburuari

Ohitura den bezala, ekintzak bezperan hasiko dira. Irailaren 19an (larunbata), 10:00etatik aurrera, XXII. Kanpai Kontzertua izango da, eta aurten, proposamen berezi bat egingo da Amurrioko Musika Eskolarekin batera.

Oraingo honetan, gainera, kontzertuak sorpresazko osagai bat izango du, eta, hori dela eta, antolatzaileek herritarrak animatu nahi dituzte Amurrioko soinu-paisaia urtero eraldatzen duen hitzordu berezi honetara hurbildu eta gozatzera.

Ofizioari eta erreleboa hartzen dutenei omenaldia

Artzain Eguneko unerik hunkigarrienetako bat igandean iritsiko da, 11:30ean, aurten aitortuak izan diren artzainei egindako harrera eta omenaldiarekin.

Edizio honetan, gainera, omenaldiak begirada berezia izango du belaunaldi-erreleboaren inguruan, gure herrien nortasunari eta tradizioari estu lotutako lanbidearekin jarraitzeko apustua egiten duten gazteei balioa emanez.

Aurtengo edizioan omenduko dituzten pertsonak Mertxe Villanueva (Menoio), Pedro Martin Ajuria (Oleta), Jose Luis Olabe Martinez de Albéniz eta Rosa Mª Beitia Anda (Larrea), eta Gaizka Lopez Berasategi (Arabako Lautada) izango dira, Altsasuko errelebo gazte gisa.

Ospakizun horren bidez, Amurriok berriro aldarrikatu du garrantzitsua dela artzaintzaren sektorea mantentzea eta babestea, baita artzaintzari eta gure lurraldeko produktuen artisau-elaborazioari lotutako jakintzak, tradizioak eta bizimoduak zaintzea ere.

XXXII. Artzain Eguna familian gozatzeko, artzaintza sektorearen lana gertutik ezagutzeko eta urtez urte Amurrioren eta eskualde osoaren nortasunaren parte izaten jarraitzen duen tradizioa ospatzeko jardunaldi gisa aurkezten da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide