Amurrioko Udalak Zaraobe Institutuarekin lankidetza-hitzarmena sinatzea onartu du, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleek pintura-tailerraren erabilera errazteko.
Akordioaren helburua da ikasle horien eskura espazio egoki bat jartzea jarduera artistikoak eta hezitzaileak garatzeko, beren garapen pertsonala, sortzailea eta soziala bultzatzen duten proposamenetan parte har dezaten lagunduz.
Esparru horretan, Zaraobe Institutuak Gela Egonkor bat du, hezkuntza-baliabide espezifiko bat, laguntza mota hori behar duten ikasleen premiei egokitutako arreta inklusiboa eta pertsonalizatua eskaintzeko. Hitzarmenari esker, pintura-tailerra gela egonkorrean egiten diren jardueretan sartu ahal izango da, eta ikaskuntzarako eta bere gaitasunak garatzeko erabilgarri dauden espazio eta baliabideak zabalduko dira.
Lankidetza horren bitartez, ikasleek Arte Eskolako instalazioak erabili ahal izango dituzte beren prestakuntzaren baliabide osagarri gisa, eta adierazpen artistikoari lotutako hainbat jarduera garatu ahal izango dituzte beren beharretara egokitutako ingurune batean.
Monika Arbaiza Hezkuntza zinegotziak horrelako elkarlanen garrantzia nabarmendu du: “Udal baliabideak herritar guztien zerbitzura egotea nahi dugu, eta hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen ikaskuntza eta parte-hartze guneak ere izan daitezela. Hitzarmen honek hezkuntza inklusiboago batean aurrera egiteko aukera ematen digu eta gazte hauen sormena eta autonomia garatzeko aukera berriak eskaintzen dizkigu”.
Hitzarmenak Amurrioko Udalak inklusioarekin eta aukera-berdintasunarekin duen konpromisoa islatzen du, baita udalerriko ikastetxeekin lankidetzan aritzeko
borondatea ere, ikasle guztiek Amurrioko gizarte eta cultura bizitzan parte hartzea erraztuko duten baliabideak eta espazioak sortzeko.
Horrela, bi erakundeen arteko lankidetzak aukera ematen du udal-baliabideak hezkuntza-eremura hurbiltzeko eta ikuspegi inklusibo batetik kulturarako eta sorkuntza artistikorako sarbidea sustatzeko.