Amurrioko Udaleko Berdintasun Sailak sentsibilizazioan, indarkeria matxisten prebentzioan eta berdintasunaren sustapenean oinarritutako jarduera programa bat jarri du martxan azaroan, publiko desberdinei zuzendutako proposamenekin eta herritarren hausnarketarako eta parte-hartzerako espazioekin.
Ekintzak joan den azaroaren 5ean hasi ziren, haurren sexu-abusuaren inguruan lan egiten duen Egia elkartearen “Así empezó todo” liburuaren aurkezpenarekin. Ekimenak aukera ematen du errealitate hori ikusarazteko eta gizartea kontzientziatzen laguntzeko arreta, prebentzioa eta konpromiso kolektiboa behar dituen problematika baten inguruan.
Programazioak azaroaren 14an jarraitu zuen, Loresexen eskutik sexu kontsultategi batekin, 14 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendua. Gune honen helburua sexualitateari buruzko informazioa eta orientazioa eskaintzea da, gazteek zalantzak argitzeko eta kezkak lantzeko aukera izan dezaten.
Azaroaren 21ean, Antzokiak Pamela Palenciano hartuko du “No solo duelen los golpes” bakarrizketa ezagunarekin, indarkeria matxistari, bikote harremanei eta genero desberdintasunei buruz hausnartzera gonbidatzen duen proposamena, publikoarekin konektatzen duen eta kontzientzia hartzea sustatzen duen esperientzia pertsonal baten bidez.
Azaroak 25: Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna
Programazioaren une nagusietako bat azaroaren 25ean izango da, Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta. Amurrioko plazan bi ekitaldi izango dira:
- 18:30ean: emanaldia Kuskua elkartearen eskutik.
- 19:00etan: plazatik abiatuko den mobilizazioa.
Jarduera hauen bidez, emakumeen aurkako indarkeria ikusarazten lagundu nahi da, indarkeria mota guztien gaitzespen kolektiboa erakutsi eta indarkeria matxistarik gabeko gizartea aldarrikatu.
Programazioa azaroaren 26an osatuko da, adineko pertsonen aurkako indarkeria matxistari buruzko hitzaldi batekin. Jarduera horrek aukera emango du errealitate hori bizitzako etapa honetan nola agertzen den jorratzeko eta errealitate hori aitortzeak, prebenitzeak eta erantzun egokiak eskaintzeak duen garrantzia azpimarratzeko.
Sentsibilizazioarekin, indarkeria matxisten prebentzioarekin eta berdintasuna etengabe sustatzearekin konpromisoa mantentzearen garrantzia nabarmendu du Ixone Saratxaga Berdintasun zinegotziak: “Indarkeria prebenitzeko eta gizarte parekidea eraikitzeko herritar guztien inplikazioa behar da. Jarduera hauen bitartez, hausnarketarako espazioak sortu nahi ditugu, indarkeria mota ezberdinak ikusarazi eta guztion artean indarkeria matxistarik gabeko gizarte baterantz aurrera egiteko”.
Programazio horren bidez, Amurrioko Sailak berretsi egiten du sentsibilizazioarekin, indarkeriak prebenitzearekin eta gizarte berdinzaleago bat eraikitzearekin duen konpromisoa, herritarrak inplikatuz eta informatzeko, hausnartzeko eta parte hartzeko
espazioak sustatuz.