Eusko Jaurlaritzaren helburua azken hiru legealdietan, EAJ burua izanik, indarrean dagoen Euskal Eskola Publikoaren Legea (1993) ordezkatuko duen Hezkuntza Lege berria burutzea izan da. Cristina Uriarterekin lortu ez bazuen ere, badirudi Jokin Bildarratz eta bere bidelagun berriekin lortuko duela.
Tituluan Eskola Publikoa, guretzat zentrala dena, desagertu izanak kezka sortzen digu, lege berri horretan sare pribatu-itundua sare publikoarekin parekatu nahi baitute.
Zerbitzu publikoen alde egiten dugunok, oro har, eta kasu honetan Hezkuntza Publikoaren alde egiten dugunok, urteak daramatzagu hezkuntza-sistema dual anomalo honek, ikasleen % 51 sare publikoan eta % 49 pribatu-itunpekoan sartuta, dakartzan segregazioa eta desberdinketa salatzen.
Hezkuntza Publikoan sinesten dugunok eta horren alde egin eta lan egiten dugunok, ikasle guztien aukera-berdintasuna eta gizarte-kohesio handiagoa bermatzen duen bakarra delako, uste dugu une aproposa izan behar dela hezkuntza publikoa zentraltasunean jarriko duen eta horrek jasaten dituen bereizketa- eta abandonu-egoerak zuzenduko dituen hezkuntza-ituna lortzeko. Horrela bakarrik eraiki ahal izango dugu berdintasunezko gizarte bat eskubideetan eta aukeretan, aniztasuna elementu aberasgarri eta ez segregatzaile gisa biziko duena.
Horregatik guztiagatik, hezkuntza-, gizarte- eta sindikatu-eragileok dozenaka ekarpen egin dizkiogu etorkizuneko hezkuntza-akordioaren lehen zirriborroari, eta argi utzi nahi dugu ez dugula babestuko sistema publikoan oinarrituko ez den Hezkuntza Lege bat, eta Hezkuntza Publikoak dituen egiturazko arazoei, batez ere bereizketari, aurre egiteko behar diren proposamen eta baliabide zehatzak mahai gainean jarriko ez dituen lege bat. Horren guztiaren aurrean, orain arte entzun eta irakurri dugunak ez digu inolako bermerik ematen gure iritzia aldatzeko.
Euskerak izango duen trataera ere mahai gainean egon da, baina zehaztasunik gabe. Gogoratu beharko diegu indarrean dagoen legeak zera jasotzen duela: derrigorrezko hezkuntza amaitzean ikasleek bi hizkuntza ofizialetan gaitasun nahikoa izango dutela, eta argi geratu da hizkuntza ereduek ez dutela hori bermatu eta murgiltze eredura jo beharko lukeela lege berriak. Horrela proposatu dugu hezkuntza eragile gehienok baina, ezagutzen dugunaren arabera, aldaketa hori ez da planteatzen. Gauzak hala, lege berriak zer nolako zentraltasuna emango dio euskarari?
Beste hainbat proposamen luzatu dizkiegu ere: Pribatuen itunpe unibertsalarekin bukatzea, jantoki, garbiketa, garraio... zerbitzuen pribatizazioarekin amaitzea, 0-2 urteko zikloa Hezkuntza Sailean integratzea eta unibertsala eta doakoa izatea, eta euskal curriculuma, hezkidetza, laikotasuna, ekitatea, pentsamendu kritikoa eta parte-hartzea ezartzea.
Alderdien azken akordioan hezkuntza publikoarekiko konpromisorik ez dugunez, STEILASeko kideak sinestuta gaude greba eta mobilizazioak deitzeko hamaika arrazoi daudela, “prebenitzea” beti baita sendatzea baino hobea. Baina azken orduetan zegoen batasun sindikala apurtu egin da eta, momentuz, lau sindikatuok deitzen genuen greba, tristea bada ere, bertan behera geratu da. Aukera historikoa galdu egin dugu oraingo honetan, baina hezkuntza lege honi oraindik bide luzea geratzen zaio.
Euskal Eskola publikoa denona eta denontzat delako, defenda dezagun!