Mendeetan zapaldua izanagatik, munduan zehar bizirauten jarraitzen duten gainerako herri zapalduekiko eta baita gurean injustizia jasan duten pertsona zein kolektiboekiko, herri solidarioa izan da gure herria.
Elkartasun logika honetan sortu zen Mirentxin Gidariak kolektiboa. 1978an Manu Legarreta Mungiarra atxilotu zuen Guardia Zibilak eta bere herritik 1100 kilometrora zegoen kartzelara eraman zuten preso, Algecirasera alegia. Mirentxin, Manuren emazteak, ohiko bilakatu zuen asteburuetan paketea prestatu eta garraio publikoan bertara bidaia egitea, handik eta denbora batera Aitor Elorza agertu zitzaion arte, gidari lanak egiteko prest zegoela esanez. Denbora gutxian, Aitorrek hartutako inizatiba sare bilakatu zen Euskal Herrian, 800 gidariko taldea osatu dugun arte, asteburuero asteburuero Espainia zein Frantziako kartzeletara dauden kilometroak urtzeko asmoarekin.
22:00etan Lopidanan. Honela hasten zen bidaia-asteburua. Senideekin kafe azkarra bertako kafetegian, tortila pintxoa, gau osoa aurretik eta Murtzia jopuntuan. Mirandara heltzerako senideak lo, bisitarako indarrak gordetzen, eta gu, abestiak dioena pixkat moldatuz, buruz ikasi genuen herrien zerrenda luzea birapasatzen; Lerma, Aranda, Boceguillas, Somosierra, Tarancón, Hellín, Molina de Segura eta beste hainbat eta hainbat.
Dena ondo bazihoan, 06:00ak inguru heltzen ginen gure joaneko helmugara, Venta de Baños hotelera, Cañada Hermosa (ederrez gutxi zuen arren) inguruko atseden gune batean zegoena.Gauez gidatutako 8 orduek sabelean eragindako zuloa ez zen makala eta senideekin gosaria hartu ondoren, gidariok logelara igotzen ginen, ordu gutxi batzuk baziren ere, atseden hartzera. Senideak berriz hizketan geratzen ziren hoteleko kafetegian, gosaria hartzen zeuden hamarnaka ehiztarien artean kamuflatuak, kasu gehienetan ahoan zerabilten hizkuntzak salatzen zituen arren.
11:30ak aldera esnatu eta orduan gu izaten ginen kafetegira jaisten ginenak, kafe eta tertulian, senideak espetxetik noiz bueltatuko itxarotera. Zorte pixka batekin espetxeak, senideen arratsaldeko bisitak goizera aldatuko zituen eta orduan, bazkal ostean bueltako bideari ekingo genion. Hala ez balitz, bazkaldu, arratsaldeko bisita amaitu arte itxaron eta ondoren hasiko genuen bidaiaren bigarren zatia, Euskal Herrira goizaldeko ordu txikitan heldu arte.
14:00ak inguru hasten genuen bueltako bidaia. Pare bat ordu gidatu eta gero, Albaceten sartzearekin batera geldiunea. Depositoa bete, txipiroi bokata jan, ebakia hartu, hankak pixka bat luzatu eta aurrera. Hurrengo geldiunea Boceguillasen izaten genuen eta bertan Cordoba eta Granadatik zetozen furgonetekin egiten genuen topo sarritan. Merienda-afaria senideek mahai gainera ateratakoekin eta dena ondo joatekotan, 23:00ak inguru Lopidanan.
Senideek bertan hartzen zituzten berriro Euskal Herriko txoko desberdinetara bueltatzeko haien kotxeak. Guk, ordea, Gasteizera joan beharra genuen, furgoneta utzi eta gure kotxea hartzeko, azkenean goizaldeko ordu bata aldera Laudion amaitzeko gure asteburuko bidaia luzea. Guri urtean bitan tokatzen zitzaigun deskribatutako bidaia egitea eta orain, atzera begiratuta, anekdota moduan datozkit Espainiako hegoaldera bidean emandako asteburuak. Senideen errealitatea, aldiz, oso desberdina izan da. Batzuk asteburuero, beste batzuk bi astero edo hilabetero. Urte luzez eman dute ibilbide hau egiten haien alaba, bikote edo gurasoekin 40 minutuko kristala eta 90 minutuko bisean bisekoa izateko.
Errealitate honek, egunerokora eraman ditzazkegun ikasketak eskaini dizkigu; injustizien aurrean posizioa hartzen eta helburu edota erronka handiak lortzeko bidean, txikia bada ere, gure aletxoa jartzen. Plazera izan da kolektibo honen parte izatea eta sentitzea.
Herriak bakarrik zaindu dezakeelako herria. Gora Mirentxin gidariak!