IRITZIA

Piztu

Iragan abenduan egin zen Aiaraldeko Gazte Euskaltzaleen Topaketa. / Aiaraldea.eus

Erronka: eskualdeko gazteak euskara hizpide elkartzea. Baina, egun nork du euskara agendan?! Galdera bota genuen, oraindik bero zetzan (ala hotz, nork daki) euskararen txantxangorriaren hilotz azpira: Guri Bost?

Hala, zalantzaz beterik hurbildu ginen hitz-ordura eta erantzunak pilak kargatu zizkigun. Dozena bat gazte elkartu ginen: lehenengo, Euskal Herri mailako bi proiektu ezagutzeko elkarrizketa irekira; gero, mahaiaren bueltan iritzi trukaketa eta gogoetak partekatu genituen; ondoren, bakarrizketa musikatu batekin, umorez eta serio, hizkuntzarekiko gure bizipenen ispiluaren aurrean jarri ginen; azkenik, ilusioa partekatu genuen garagardo eta tortilla batzuen bueltan. Gustura oso. Piztuta. Ideiak bilduta. Bigarren txanda baterako gogoz.

Kezka partekatu genuen, datuak ez baitira onak, baina erruduntasuna gazteon bizkar jartzea... utikan! Instituzioek ere zer egina badute, egina baino gehiago, argi diogu. Argi diogun gisan euskara gure sentitu behar dugula. Berebizikoa da. Formalismo eta akatsaren arteko tentsioa erlaxatu eta hizkuntza esperientzia positiboekin lotu, sufritu barik euskara gozatu! Gainditu ditzala gune politizatuak, zabaldu dadila denera. Euskaraz ere izan gaitezkeela jator, gazte, moderno, errebelde eta zergatik ez, guay. Eta, aldi berean, nola lortu biziraupen borroka zenbaitetan euskara ez dadila izan lagatzen den lehena.

Amurrio, Urduña, Areta, Orozko eta Laudioko gazteak elkartu ginen eta eskualdera begira, sorkuntzan oro har, euskara eskas ikusten dugu. Lurralde osoan bezala, pil-pilean diren gaietan erreferente euskaldunak ditugu faltan. Kirol eremu gehienetan, euskarak kale, gure hizkuntza arrotz.

Buelta bat eman nahi diogu, piztutako txinpartari heldu, jarraipena eman, gehiago batu, erosotasunetik atera, eredu izan, eta ez errudun, akatsari beldurra laga, hizkuntza gozatu, euskara gure egin... 2023 honetan ere, hegal egin nahi dugu, euskara bidaide eta elikagai. 

Zuri, agian, bost; ala ez?

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide