Artziniegako eta Aiarako udaletxeen Aurrekontu Orokorrak onetsi dituzte udal-taldeek. Artziniegako aurrekontuak onetsi dira EAJren baiezko botoarekin eta PPren abstentzioarekin, Bildu ezetza eman duelarik. Bestalde, Aiaran, Bildu eta Aiara Batuz taldeen baiezko botoekin onartu dira aurrekontuak. Kasu honetan, EAJ eta PP kontra azaldu dira. Artziniegako udalak 1,7 milioi euroko aurrekontua edukiko du 2012rako. Aiarak berriz, 1,9 milioi euro edukiko ditu, bere iazko aurrekontuak baino %15 gutxiago.
Aiarako kasuan, euren aurrekontuen zati garrantzitsu bat Udaletxearen gastu orokorrerako erabiliko da, 500.000€koa izango dena. Diru hori hainbat ekimenetan inbertituko da, eta bermea izango da Lore-Proiekturako. Udaletxeak 200.000€ erreserbatu ditu martxan dauden obrak bukatzen direla ziurtatzeko.
Artziniegan onartu diren aurrekontuak iazkoak baino %14,57 gutxiagokoak dira. Udaletxeak argitu du aurten gastuen gehikuntza bat pairatu dutela herriko argietan adibidez (59.000€), polikiroldegiko energian (18.000€), hondakinen kudeaketa (56.000€) edota udal-igerilekuan (32.000€) besteak beste. Murrizketarik handiena Museo Etnografikoa jasoko du, bere aurrekontua %34,72 urrituko delarik.
Bildu Artziniegaren aburuz "aldeak nabarmenak ziren diruaren erabilerari dagokionez", eta horregatik kontrako botoa eman dute. Bilduk proposatu zuen alkatetzaren soldatak %15ean gutxitzea, baina EAJak eta PPk ez diote babesik eman. Hori bai, bai EAJko zinegotziek, bai Bildukoek uko egin diote osoko bilkura, batzorde eta gobernu-batzordeetara joatearren kobratzen diren dietak jasotzeari "austeritatearekin bat etorriz", Bilduk argitaratutako prentsa oharrean azaldu duenez.