150 auzokide eta enpresek 200.000 euro zor dizkiote Orozkoko udalari. Azken 10 urteetan pilatu diren udal tasa eta zergen ordainagiri guztiak kobratzea erabaki du Udalak. Josu San Pedro alkateak adierazi duenez, "gure helburua da iruzur fiskalari aurre egitea eta kargak zuzentasunez banatzea zordunen artean. Gehienek garaiz eta zintzo betetzen dituzte euren zerga-betebeharrak. Batzuek ez, ordea, eta horregatik diru gutxiago biltzen dugu eta diru gutxiago daukagu gizarte-zerbitzuetan inbertitzeko".
Zor den dirua, ura, zabor-bilketa, estolderia, etxegintza eta automobilek batzen dituzten udal tasa eta zergen ez ordaintzeagatik dator. Horregatik, zehapen espedienteak kudeatzen dituen enpresa batekin jarri zen kontaktuan Orozkoko udalak, urte hasieran. Dagoeneko zor guztiak erreklamatu ditu enpresak. Urtarrilean eta otsailean 20.000 euro bildu dituztela, eta zor guztia aurtengo ekitaldian bertan kobratzeko itxaropena dutela adierazi du San Pedrok.
Zergak ordaintzen ez dutenen kasuan, borondatezko epea amaitzerakoan, bide betearazlea hartuko dela adierazi du Orozkoko udalak. Hala eta guztiz ere zorrak ordaintzen ez badira, bahituraren bidea hartuko da.