Mugako herriak ez dira ez alde batekoak ez bestekoak. Hori ondo baino hobeto dakigu laudioarrok. Ez gaituzte bizkaitartzat hartzen, ezta arabartzat ere. Batzuetan aiarartzat ere ez ni neu aiararra sentitzen naiz. Honek Laudiokoa izatearen harrotasuna areagotu eta lotura emozional hori eragin du.
Kokapen inbidiagarria, tamainaz behar bezain txikia erosoa izateko eta behar bezain handia zerbitzuak eta giroa izateko. Nerbioi goieneko burua ginen zalantzarik gabe, eta herrialdeko industriagune garrantzitsuenetako bat. Tradizio sakonak.
Azken 20 urteak ez dira onak izan Laudiorekin dugun atxikimendu estu horri dagokionez.Ez horrenbeste sentimendu horizainetan daramagunontzat, belaunaldi berrientzat baizik. Ia-ia ez daukagu iraganeko aztarnik, Lamuzako Parkea eta beste zer edo zer baino ez. Indarra eta izaera industriala galdu dugu.
Udalerri guztiak haziz zihoazen garaian, guk denbora galtzen jardun genuen, eta gazteek inguruko herrietara jo zuten. Sanrokeak eta auzoetako jaiak… nola gogoratzen ditudan Aretakoak! Asteburuetan ez dugu giro-alternatibarik eskaintzen; jendea herritik joan edo “lokalean” gordetzen da. Kolektiboek kosta ahala kosta irauten dute. Zertan da eskola-kirola asteburuetan?
Ez dut jarraitu behar. Ez dut nostalgikoa izan nahi. Baina gogoan hartu beharreko gauzak dira. Laudiok bere lekua aurkitu behar du etorkizuneranzko bidean. Oso argi izan behar du zer izan den eta zergatik izan den izan dena. Kritikoa izan behar du orain denarekin. Eta argi izan behar du zer izan nahi duen.
Orain lurralde-ikuspegiaz hitzegiten da. Hots... Laudioko lurralde-ikuspegia. Bilborekiko lotura. Athletic-zalea izatea. Ehun produktiboa mantendu eta aukera berriak jorratzeko premia. Inguruan dituen natur guneekiko hartu-emanak. Eskualdean duen lidergoa. Oreka soziala. Eta, batez ere, sentimendu kolektibo hori. Laudio emozioz bizi. Baina sentitu eta bizitzeko, etorkizunerako aukera izan behar du.