Whatsapp-ak ostiralero. “Garagardo batzuk?”. Hori da lagunartean geratzeko klabea, konpromisorik izan ezean (beti ekiditen saiatzen garena).
“OK” sinple bat. Dena zegoen argi. Bagenekien non, eta orduak gutxi gora behera ez zuen asko axola.
Ez zegoen dudarik, “La Viñan” geratuak geunden. Iristen zen lehenak potea eskatzen hasten zen, eta hortik zebilen beste norbaitekin hitz egiteari ekiten zion. Eta bestela hor zeuden beti Nandi, Sara edo Marilu. Eta, duela zenbait urte (nahikotxo jada), Fernando.
Ez zen ezer gehiago behar. Hizketalditxoa, mila aldiz bizitako eta kontatutako pelikulei buruzko elkarrizketak, kontsumitzailearen erritmora egokitutako kaña batzuk eta pintxo batzuk tripa betetzeko.
Ez dakit zenbat urtez izan den Zumalakarregi kaleko izkina hori nire etxe soziala. Etxe txikia, baina nahikoa guk behar genuenerako. Ia 30 urte, eta ez naiz horren nagusia... kar kar.
Orain jada ez da posible. Eta hutsa nabaritzen dut. Leku askotan topatu daiteke garagardoa, baina etxekoa bezalakorik ez dago inon, eta La Viña gure etxea zen.
Eta jarraituko dugu ostiralero elkarri whatsapp-ak bidaltzen. “Garagardo batzuk?”. Baina azalpen gehiegi eman beharko ditugu.
“La Viña barri” irekiko dute, agian. “Barri” asko daude Laudion. “Barri” horiek ondo egiten ari dira euren lana, aire berri bat ekarriaz eta euren giro propioa sortzen saiatuz. Baina... uf. Agian egia da zaharra egiten ari naizela.