Askotan oroitzen naiz Lamuzako Eskolara joaten nintzen garaiez. Gogoan ditut garai horietako futbito, saskibaloi edota eskubaloi talde andanak. Nola sustatzen zen eskolatik kirola.
Garaiak aldatu dira. Eskolek jada ez dute kasik talde propiorik. Kontua ez da soilik dena antolatzeaz arduratzen diren gurasoen elkarte batzuk egotea. Ez da soilik lan munduak inplikazio soziala eta boluntariotzan aritzea oztopatu digula. Gauza gehiago aldatu dira. Entrenatzaileen formazio eskakizunak, aseguruak, bermeak, ikasleriaren murrizketa. Biraketa sozial eta legal horretan gauza garrantzitsu ugari utzi ditugu bidean. Kirola osasunerako, hezkuntzarako, talde integraziorako, sakrifiziorako edota jarraikortasunerako elementu gisa. Zerbait gehiago egin dezakegu herri bezala. Zintzoki uste dut pentsatu behar dugula nola sustatu dezakegun eskola kirola. Nola izan administraziotik kirol taldeen laguntzaile eta euskarri.
Etenik gabeko oztopo ekonomikoen lasterketa batean bizi dira kirol taldeak. Taldea euren bizitzaren partetzat duten pertsona inplikatuei esker doaz aurrera, edota indartsu hasi eta askotan bidean geratzen diren gazteei esker. Eredua eta politikak birplanteatu behar ditugu horretarako. Hori egitea lortuko bagenu, Laudiorekin askoz inplikatuagoa egongo litzatekeen jendarte bat lortuko genuke, arrisku gutxiago izango lituzketen gazteak izango genituzke, eta bizitza kolektibo aberatsago bat. Koska, nostalgikoa izatetik baino, baliteke aita moduan kontzientzia berreskuratu izanetik etortzea. Pena merezi du.