Trekking haranak

Euskadik turismoaren aldeko apustua egin zuen eta arrakasta izan du estrategiak. Azken hamabi hilabeteetan % 20 igo da gaua Euskadin igarotzen duten turisten kopurua eta baita bisitari bakoitzaren bataz besteko gastua, garrantzitsua dena.

Nerbioi Goiena, Aiaraldea eta bere ingurua ez daude egoera horretatik kanpo. Egia da sortu direla zenbait ostalaritza azpiegitura eta badaudela datozen turista bakanei edukiak plazaratzeko egitasmoak.

Baina egia da baita ez dagoela estrategia argirik gure lurraldean turismoa oinarri izango duen ehun ekonomiko bat garatzen saiatzeko. Are gehiago, genituen baliabide batzuk -jatetxe onak- desagertzen joan dira krisiaren ondorioz.

Ez da zentzugabea pentsatzea turismo lurraldea izan gaitezkeela. Are gehiago, oso posiblea da, eta ez Bilborekiko dugun hurbiltasunagatik, gure eskualdearen gaitasun eta baldintza propioengatik eta dituen zerbitzuen potentzialtasunagatik baizik. Ez dugu landa eremuko turismoan soilik pentsatu behar. Hiri turismoan ere pentsatu behar dugu, gure herrietako hiriguneetan eman daitekeela ulertuta.  

Osagai propioak ditugu aferarik garrantzitsuena planteatzeko: espezializazio ekonomikoa, kasu honetan espezializazio turistikoa izango litzatekeena. Gure haranak bi babesgune naturalentzako sarbidea dira: Gorobel mendilerroa eta Gorbea. Ganekogortako gune naturalerako sarbidea gara baita, babesgune natural gisa katalogatua izan ahalko litzatekeena.

Naturista sare zoragarria dugu. Ez du parekorik herrialdean, eta gure ondare naturala ezagutu eta inbentariatu dute. Baditugu baita mendi eta txirrindularitza talde antolatuak, eta baita tradizio eta baliabide etnografiko aberatsak ere. Ekoizleak eta produktuak ditugu baita: txakolina, gazta, txerrikiak, likoreak... badugu, badugu, badugu.

Gure gaitasun eta baliabide mapa apartekoa da, eta ez da pasio itsua, konbentzimendu osoz diot. Trekkinga, mendi ibilaldiak, naturara bisitak, animalien begiztatzeak, espeleologia, herrietatik egiteko ibilbideak... horietan guztietan eta gehiagotan espezializatu ahalko ginateke.

Zerbitzu horiek eskaini ahal izateko azpiegiturak, ostalaritza baliabideak eta komertzializazio bideak behar dira aurretik. Agian “trekking harana” eta mendien sarrera bihurtzean oinarritu daiteke  gure ezinbesteko espezializazioa.

Bilbo “imanarekiko” hurbiltasuna dugu, eta eskura ditugu bere zerbitzuak eta eskuragarritasuna. Espazio natural paregabe eta anitza dugu, zerbitzu, produktu eta baliabideekin batera.

Hori dela eta, turismoa bilakatu dezakegu eskualdearentzako aukera ekonomiko berria.

Ahhhh! Turismoaren sektorean lehiatu ahal izateko hitz bat utzi behar dugu egiten ditugun jarduera guztietan iltzaturik: bikaintasuna, kalitaterik handiena.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide