Irailaren hasierarekin eskualdeko hainbat udalek uda aurretik martxan ipinitako hainbat proiektu berriro abiatuko dira. Proiektu horien artean, Amurrio eta Laudioko udalek iragana gordetzen duten dokumentuak babesteko bi ekimeni heldu diete.
Amurrioko udalak azkeneko hamarkadan burututako Fondo Historikoaren dokumentuen zaharberritze lanekin jarraituko du, Udal Akten Liburuen zaharberritzeen bidez. Liburuak, 1781 eta 1805 urteen artean ospatutako Udal Bileren Aktak jasotzen ditu. Azaldu dutenez, gaur egun ez dago oso egoera onean. Izan ere, 300 orrialdeko bolumena dauka eta nola hezetasunak hala onddoek eragindako kalte handiak jasan ditu. Orain arte beste dokumentuekin egin izan den bezala, mantentze lanak orrialde guztien garbiketan eta enkuadernazioen konponketan oinarrituko dira. Behin konponduta, artxibo hauek kontserbazio baldintzak betetzen dituen armairu batean gorde egingo dira.
Lan horiek Arte Ederretan lizentziatua den Nagore González Sancristobalek burutuko ditu. Helburu hori lortzeko 3200 euroko aurrekontua erabiliko da.
"Laudio Barrendik" programa
Bestalde, Laudioko Udalak "Laudio Barrendik" programarekin jarraituko du. Ekimen honen bitartez, formatu digital batetan gordetzen ari dira Laudiori buruzko dokumentu ezberdinak, herriko ondare bibliografikoa ezagutarazi eta herritarren esku jarri ahal izateko asmoarekin.
Publikazioen inguruko informazio gehiena lortu ahal izateko udal artxiboa, Euskara eta Kultura Saila, San Roke Kofradia, Laudio BHI ikastetxea, Guardian enpresa eta hainbat norbanako ari dira elkarlanean.
Lanaren metodologia dokumentuen eskaneaketan oinarritzen da; fondo digitala sortzeko helburuarekin. Orain arte, aldizkariak eskaneatu egin izan dira. Besteak beste, Aunia, Aceros de Llodio, Ventanal edo La Cofradía de San Roque bezalako publikazioen aleak digitalizatu egin dituzte. Irailean, liburuen digitalizazioarekin hastea espero dute. Hirugarren fase bat ere abiatuko dute; Laudion ekoiztutako kartelak, jai programak, planoak... digitalizatzeko.
Programa honek hiru helburu nagusi ditu. Alde batetik, Herriko fondo dokumentalaren erabilera egokiago eta errazago bat lortzea, difusio handiago bat lortzen lagunduko duelakoan. Bestetik, liburuen eta publikazioen kontserbazio hobeagoa bermatzea. Azken xedea, Udal Liburutegiaren zerbitzuak hobetzea izango da. Izan ere, fondo hauen bilaketa asko erraztuko da, Liburutegitik programa honetara hel daitekelako.
Dokumentu guzti hauek Liburuclick-en, Euskal Liburutegi Digitalean, kontsultagai izango dira. Haatik, programak Eusko Jaurlaritzaren laguntza ekonomikoa izango du.