Udalak prentsaurreko batean adierazi duenez, aspaldi garrantzi handia zuten jai hauek berpizteko asmoz, herritar eragile ezberdinek, hainbat bilera burutu dituzte. Bilera hauetan, Ermuko biztanleetaz gain, Goikogane Mendi Taldea, Atletismo taldea, Basalarrina edota AEK-ko ordezkariek hartu dute parte.
Aldaketa hauen artean nabarmenena ospakizunen egutegian datza, izan ere, errepikapena ez da aurten ospatuko, baina bai ordea bezpera; Ermuko jaiak aurten maiatzaren 19an, igandea, eta maiatzaren 20an astelehena, ospatu egingo direlarik.
Egitaraua.
Honela, jai hauek egitarau zabala izango du; Maiatzaren 19an, Goikogane Mendi Taldeak antolaturik, mendi martxa gidatu bat antolatu egingo da Ermuko inguruak ezagutzeko aukera emango duena. Mendi martxa honek goizeko 9etan izango du hasiera Herriko Plazan. Goizeko 10etan berriz, herriko plazatik beste irteera bat egingo da Ermurantz. Honako honek, berriz musikarekin girotuta joango da, aspaldiko garaietako jaiak birgogoratuz. Goizeko 12etan Herri Kirolak ospatu egingo dira, eta 14:30etatik aurrera Herri Bazkaria Apil eta Rakataplaren laguntzaz. Bazkalostean Erromeria egingo da, eta arratsaldean berriz, Dantza Plaza.
Maiatzaren 20an, astelehena, Ermuarantzako irteera Herriko Plazatik egingo da musikaren laguntzaz. Autobusak 9:00-10:30 eta 13:00-14:30 orduen artean egongo dira erabilgarri.
Bukatzeko, udal ordezkariak azaldu egin duenez, aspaldiko garaietan egiten zen bezala, jaien bukaera herrira ekarri egin nahi da, baina hori oraindik ere zehazteke dago. Horrez gain, egitarau hau posible egin duten eragileen lana eskertu, eta herritarrak jai hauetan parte hartzera animatu ditu udalak.