Aurreko asteko ostiralean, martxoak 22, aurtengo urteko txakolina aurkeztu zen, Kexaako “Los Arcos de Quejana” jatetxean. Berton, Arabako Txakolinaren barruan dauden zortzi ekoizle nagusiek oso modu positibo batean baloratu zuten aurtengo urtean dastatu egingo den produktua.
Sasoi hau bikaina izan dela ikusteko, datuak besterik ez dira ikusi behar. Mahatsaren ekoizpena %45eko igoera izan du, orain arteko marka guztiak hautsiz. Honela, 2012ko mendeman 610.000 kg mahats jaso dira, 2011an 421.000 izan ziren bitartean. Honek merkatuan 600.000 botila ipintzea posible egingo du.
Kopuruaz gain, adituek adierazi dutenez, mahats hori kalitate handikoa izan da. Izan ere, produktu honetan ohikoak diren gaixotasunak (mildiu edo oidita esate baterako), ez dute ia inongo eraginik izan. Horrez gain, 2012ko Hego Haize boladen erregulartasunak osasuntsu mantendu izan ditu mahastiak, haien begetazio prozesuei laguntza emanez.
Arrakasta honengan eragina izan duten faktoreak.
Arabako Txakolinaren arduradunek adierazitakoaren arabera, ekoizpen arrakastatsu honen zergatia ulertzeko, batez ere 2012. urtean zehar eman ziren baldintza klimatologikoak ikusi eta birgogoratu egin beharko genituzke.
Honela, 2011ko abendua eta 2012ko otsailaren artean, negu hotz bat izan genuen, inausketa baldintza egokietan aurrera eramatea posible egin zuena.
Udaberrian berriz, nahiz eta urtaro oso euritsua izan, egun eguzkitsuak ere eman ziren, garapen begetatibo zuzen bat posible eginez.
Uztailatik irailaren erdialdera arte, lehorte handia izan zen eskualdean. Honek, hilabete horietan izandako temperatura altuekin batera, garau gutxiago eta graduazio handiago bat egotean eragin zuen. Udaren bukaera aldera ekoizpenaren beherakada bat emango zela uste zenean 2011an gertatu zen bezala, iraila erdiko euriteak eman ziren, prezipitazio kopurutsuekin. Eurite horiek garrantzi aldaketa handia suposatu zuten mahastien garapenean, udatik zetorren dinamika zeharo aldatuz eta produkzio marka guztiak hautsiz.
Arabako Txakolina Jatorrizko Izenak, 100,73 Hektareako lur eramua dauka gaur egun txakolina ekoizteko, eta ondorengo ekoizleek osatzen dute: Arabako Txakolina (Refor, Amurrio) “Xarmant”, Txakoli Garate (Laudio) “Garate”, Okondo Txakolina “Señorío de Astobiza”, Agroturismo El Txakoli (Amurrio) “Mahatxuri”, Beldio Txakolina (Laudio) “Beldui”, Arzabro Txakolina (Delika) “Ametza”, Artimaña Txakolina “Eukeni” eta Goianea (Saratxo) “Uno”.