Udal gobernu taldeak prentsaurreko batean adierazi duenez, bi erakunde hauen artean 2010etik abian zeuden elkarrizketa luzeen emaitza izan da akordio hau. Elkar ulertze honen ondorioz, Udalak, konpontze lanen %50a ordaintzeko konpromezua hartu du, 50.000 euro ingururekin.
Egingo diren egokitze lanak, teilen aldaketa, teilatuaren garbiketa eta burnizko ornamentazioaren konponketa izango dira. Lanen antolakuntza eta kudeaketaren ardura Elizak hartuko du.
Akordio honek zor zezakeen eztabaidaren aurrean, udalaren bozeramaileak gaur egun oraindik portikoaren jabetza nori dagokion argi ez dagoela adierazi du. Bestalde, hobekuntza lan hauei laguntza emateko bi arrazoi nagusi eman ditu: Alde batetik, portiko hori hainbat ekintza egiteko oso esparru erabilia dela adierazi du, besteak beste, ostegunetako azokak, hainbat bazkari herrikoi etabar bertan egiten direlarik. Bestetik, portiko honek daukan balio historiko-arkitektonikoa azpimarratu du, Euskal Herrian egin ziren burnizko lehenengoa izan zelarik.
XIX. Mendearen bukaerako arkitekturaren erakusle.
Portiko honen eta Laudioko garai hartako hainbat eraikinen historia Aunia aldizkariko 9. Zenbakiko artikulu batean oso modu zuzen batean laburtu zuen Kepa Sojok.
Sojoren arabera, eraikin honen jatorriak harreman estua dauka Urkijoko Markesekin, eta Euskal Herriak mende hartan izan zuen industralizazio prozesuarekin.
Portiko honen aurretik, egurrezko portiko bat izan zuen Laudiko elizak. 1883ko neguan, elurte batek hondatu zuen, hainbat herritar bere azpian harrapatuz. Ezbehar horrek 3 hildako eta hainbat zauritu eragin zituen.
Erorketa honen aurrean, Estanislao Urkijo Landaluze, Urkijoko I.go Markesak portiko berri baten proiektua aurkeztu zuen. Hala ere, besteak beste Laudioko eskolak (gaur egungo Lanbide Heziketa Zentrua) eta Granjako uren biltegia egin zituen Markesak ezin izan zuen portikoa egin, 1889an galdu baitzuen bizia. Hori zela eta, bere iloba zen Juan Manuel Urkijo Urrutia, II. Markesak eraiki egingo zuen gaur egun elizako arkupeetan aurkitzen dugun portikoa, 1892 eta 1893 artean.
Burniaren erabilera horrek ematen dio portikoari bere berebiziko nortasuna, Euskal Herrian material horretan egiten zen lehena izan zelako. Izan ere garai horretaraino beti erabili izan zen egurra eraikin erlijiosoetan, burnia tren geltoki, merkatu edo zubietarako erabiltzen zen bitartean.