Luis María Tomé (Laudio, 1959) Ñorrala koadrilaren sortzaileetako bat izateaz aparte urteak daramatza Laudioko jaietan aktiboki parte hartzen. Aurten bera arduratuko da txupinazo egunean Laudioko jaiak martxan ipiniko dituen suziria jaurtitzeaz.
Aurtengo jaietako txupinero izendatu zaituzte. Zer sentitu zenuen jakinarazi zizutenean?
Egia esan ez dakit nola azaldu. Poz handia sentitzen dut aldaketa hau jaietarako ona dela iruditzen zaidalako. Dena den, 37 urte daramatzat momentu horretaz behean, enparantzan, koadrilakoekin gozatzen eta zertxobait arraro egingo zait aurten, hor goian egotea.
Ñorralak 37 urte bete ditu dagoeneko (aurten 38 beteko ditu), nola eta zergatik erabaki zenuten koadrila sortzea?
Dena Laudioko Larraño Auzoan sortu zen. Bertan areto-futboleko talde bat zegoen, 15 eta 16 urteko gaztetxo batzuek osatuta. Taldeari izena ipintzerako orduan, auzoaren izena ipintzea erabaki zen, izen horren silaben ordena atzetik-aurrera aldatuz. Honela, kirol taldeari izena emateaz gain, jaietako koadrillari ere izen berbera eman zitzaion. Gaur egun hasierako talde horretako hiruk jarraitzen dugu.
Zein motatako ekintzak antolatzen zenituzten?
Bueno, ba egia esan hasieran gauzak antolatzen apur bat tardatu genuen, baina gero denetarik egin izan genuen. Hasieran dunbal eta platertxoekin ateratzen ginen, baina gero, koadrilla sortu eta lau urtera, txistuarekin hasi ginen. Horrez gain, umeen eguneko ekintzetan, atzoko gaztearen ekintzetan... parte hartu genuen. Hainbat urtetan ere, koadrillen bazkariaren ohitura bizirik mantentzeko asmoz bokatada bat antolatzen genuen.
Gaur egun ekintza ezberdinak antolatzen jarraitzen dugu; esate baterako, Ski-taula txapelketa antolatzen dugu, duela 30 urte lehenengo aldiz egin zelarik, eta duela 15-20 urte ingurutik urtero ospatzen dena Horrez gain, baita ere Roketxu txakurraren jaitsiera eta erretzea edota elizako portikoan hainbat bazkari antolatzen ditugu.
Koadrilaren izena nola asmatu zenuten?
Areto-futboleko taldearentzat sortu zen; batzar batean taldeko lau kideei bururatu egin zitzaienean, Larraño auzoaren silabei buelta emanez, eta egia esan izenak hainbatetan arazoak eman dizkigu prentsan eta idazterako orduan (“Ñ” eta “R” hizkien idazkera dela medio). Bestalde, beti izan dugu jaietarako lokal bat, eta lehenengoa Larrañoko Gaztelua izan zen. Horregatik koadrillako armarrian Larrañoko gaztelua eta gurutzea agertzen dira. Geroxeago armarrian ikur horiei ardo zahatoa batu genion, pertsonalagotzat genuen ikur gisa.
Ñorralarekin batera, beste kultur talde batzuk sortu ziren garai hartan. Elkartegintzaren eztanda eman zela uste duzu?
Garai hartan bazen ere Rakatapla koadrila, oraindik gu baino helduagoa dena, eta ondoren orain 30 urte beteko dituen Zoroak taldea, baina egia esan ez nuke esango horrelako eztanda handirik eman zela Laudioko jaietan. Jaietako koadrillak betidanik sortzen joan dira eta orokorrean, nahiko modu erregularrean gainera. Agian lehenengo koadrillak izatez, jendetsuagoak ziren, jende asko eta ezberdinez beteak, eta gaur egun sortzen direnak berriz, pertsonalagoak, hau da sarritan adin berbera duten eta elkarrekin ibiltzen lagunek osatutako talde txikiagoak. Dena den, aldaketa horrek ez du esan nahi gaur egun koadrilla gutxiago direnik, ezta elkartegintza gutxiago denik, ez behintzat jai hauetan.
Kalkulatzerik duzu zenbat lagun izan diren Ñorrala kideak?
Egia esan kalkulu zehatza egitea zaila suertatzen zait, baina gutxienez 200 pertsona inguru pasatu izan direla esango nuke, urteren baten 40 pertsona izatera iritsi garelarik.
Gaur egun, Ñorrala taldeak ekintza gehienak Bihurriak koadrilarekin burutzen ditu, beraiekin elkarturik gaudelarik. Beraiekin batera, geure jaietako lokala Enara tabernaren atzean izan genuenean, ia 100 pertsona inguru bazkaltzera batu ginen behin. Gaur egun, aldiz, adin ezberdinetako 30 pertsona inguruk osatzen dugu koadrilla.
Jaiak Koordinakundearen lana goraipatu zenuen jaien aurkezpenean. Nola ikusten dituzu gaur egungo kuadrillak?
Jaiak Koordinakundeak koadrila ezberdinek batera eta modu koordunatu batean gehiago eta hobeto lan egiteko oso baliogarria izan da. Koadrila bakoitzak bere kabuz lan egingo balu, geure lana ez zen horren eraginkorra izango, horregatik da horren garrantzitsua Jaiak-en lana. Koadrila ezberdinen batasunik gabe ez gara ezer, baturik, badirudi gauza interesgarriak egin daitezkela.
Zein mezu helerazi nahi diezu jaietan herritarrei?
Jaietaz disfrutatzeko gogoak izatea, ingurukoak errespetatuz jaietaz gozatzea, eta oso ongi pasa dezatela.