Aiaraldean ozen erantzun dugu LOMCE eta Hezi Berrik inposatu nahi diguten ebaluazioaren kontra. Aurreko ikasturtean eskualdeko 11 ikastetxeek PLANTO jarrera hartu zuten azterketa horien aurrean. Gure Hezkuntza Propioaren alde LH 3. eta 6. mailetako azterketei planto egin genien. Orain erronka DBHn eta Batxillergoan dugu.
Ildo honetatik, LABetik inposizioak salatzeaz gain, Euskal Herriak behar duen hezkuntza eredua irun behar dugula uste dugu. Desobedientzia ez delako ezetza adieraztea soilik, bide propioa ere eraiki behar da. Horretarako IRUTEN dinamika abiarazi dugu.
IRUTEN bidez, herritarrok gure hezkuntza eredua adosteko eta eraikitzeko beharrezkoak diren hausnarketak eta eztabaidak eman beharko ditugu. Hezkuntzarekiko ditugun beharrak, nahiak, ametsak... egingarriak diren heinean gauzatu beharko ditugu.
Ikasturte honetan erronkatzat dugu gure ebaluazio sistema diseinatzea. Zein ebaluazio mota behar dugu? Zer eta nor ebaluatu behar da: Ikasleak soilik? edo sistema osoa, hezkuntza sailetik hasita? Azterketen bidez ebaluatu behar da?...
Hezkuntza nazio baten etorkizuna bermatzeko ezinbesteko tresna dugu, belaunaldi berriek osatuko baitute biharko jendartea. Jasotzen duten heziketa nolakoa, biharko jendartea halakoa.