Argentinako Euskal Aste Nazioanalaz (edo haren aitzakipean esan beharrekoez)

Joan den astean Argentinako Euskal Aste Nazionala izan da. Egitarau oparoa: dantza emanaldiak, mintzodromoa, euskal etxeetako abesbatzen emanaldia, Gure Esku Dagoren hitzaldia, Mikel Urdangarinen kontzertua etab.

Euskal Astea argentinarren Euskal diasporaren jairik handiena da eta Argentinako eta inguruko herrialdeetako euskal gizataldearen nortasuna eta interesak saiatzen da islatzen. “Argentinako euskal diaspora” irakurri bezain laster bati baino gehiagori folklorea eta estereotipoak etorriko zaizkio gogora. Bai, ni ere uste berekoa nintzen. Eta bai, Folklore kutsu bat badu argentinar euskal diasporak. Baina bada belaunaldi berri bat ere, zeinak Euskal Herriaren irudi bukolikoarekin apurtu duen, zeinak harreman zuzena duen Euskal Herriarekin, zeinak elkartruke kulturalak antolatzen dituen (Necoecheako gazteek urtero antolatzen duten Hator Hona proiektua litzateke horren adibide garbia), zeinak Euskal Herriko dinamiketan parte hartzen duen (esaterako Gure Esku Dagok antolatutako oihalen ekimenera oihalak bidali zituena), egunero berria irakurtzen duena, bertako musika taldeak entzuten dituena, euskal idazleen liburuak irakurtzen dituena, eta Euskal Herrian pil-pilean dauden gaiak ezagutu eta jarraitzen dituena. Interneten bidez eta konexio berriei esker gure herriaren irudi errealago eta hurbilago bat lortu dute. Argentinako euskal etxeen eta euskal asteen epizentroa dantza taldeak izan ohi ziren. Halere, azken urteetan aldaketa eman da: euskarak indarra hartu du. Iaz lehen aldiz mintzodromoa antolatu zuten, eta aurtengoan parte hartzeko aukera izan dut. Argentinan euskara irakasle izanda ere bereziki harritu ninduen zenbat lagun bildu ziren eta zenbatek erabil zezaketen gure hizkuntza trabatu gabe. Harritu ninduen zenbat euskara ikasle zeuden bertan, eta hainbaten euskara mailak ere (badira nagusitan euskara ikasitako argentinar EGAdunak! Bejondeiela). Adin eta profil askotakoak dira, baina azpimarragarria da Euskal Herriarekin harreman genetikorik ez duten euskara hiztunen adibidea. Euskal Etxeetara hurbildu, bertaratzen hasi eta harremana afektibo/emozionalek bideratuta euskara ikasi dutenak ere badaude! Are gehiago, horietako zenbait euskara irakasleak dira. Ez dut sekula ahaztuko La Platatik San Nicolas de los Arroyosera gindoazenean mutil gazte batek esandakoa. Zer esan eta Euskal Etxean integratzeko euskara ikasi nahi zuela! Argentinara heldu nintzenean hau zortzigarren probintzia zela esan zidaten. Hasieran harritu egin ninduen esaldi horrek. Baina gero eta hobeto ulertzen dut horrekin esan nahi zidatena. Ez dezagun galdu iparra, 12.000 kilometrora euskara eta euskal kultura mantentzeko buru-belarri lanean ari direnak badira, ez da garaia izango guk geuk ere, eskuldunok, gure hizkuntzari hegoak emateko?

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide