Udako eguzkiak ez du soilik larruazala erretzen. Kulturaren distira ere bizkortzen du: jaiak kontzertuz, antzerkiz, erakusketaz blai. Kaleak bete eta agendak estutzen dira. Uda bukatzear, herri nahiz hirietako jaien bueltan antolaturiko kultur ekitaldiez bapo-bapo egonda, ezinbestean dabil galdera bat buruan: kultura kontsumitzen ari gara ala gozatzen, barneratzen, bizitzen?
Udan irakurri beharreko liburu zerrenda luzea, sare sozialak kontzertuetako irudiz beteta, esperientziak metatuta… arrapaladan mugitzen gara batetik bestera. Baina, zurrunbilo horretan denbora tarte nahikoa eskaintzen ahal diogu ikusi, entzun, irakurri dugunari? Digeritzeko denbora hartzen dugu, ala Gargantuak umeak txirristan bezala kanporatzen dugu? Irentsi, pasa eta hurrengora goaz?
Kultura checklist bihurtzen ari delako irudipena daukat, zenbat jaialditan egon garen, zenbat liburu irakurri ditugun, zenbat antzerki edo bertso-saio ikusi ditugun zerrendatuz. Esperientzia pertsonalak kapital bihurtzen dira, partekatzeko eta erakusteko, norbere irudia pantailan eraikitzeko, eta sare sozialetan erakusteko. Kultura fast food bihurtzen da: zapore bizkorra, baina elikadura eskasa.
Gozamena berehalakoa da, baina arrastorik gabea. Ez dugu digestioa egiteko tarterik hartzen. Eta, horrela, sakontasunari muzin eginez, kulturari transgresio aukerak ukatzen dizkiogu. Gargantuak bezala, erraldoi baten gisan irentsi beharrean, kultura gure baitan landu eta gara dezagun. Ikusi, entzun edo irakurri dugunaren mamia, koloreak, soinuak, emozioak eta ideiak gure barnean ernal ditzagun; burmuina, bihotza eta sentsibilitatea aberasteko.
Kulturak eta esperientziek denbora behar dute: hausnarketa, berrikusketa, ezagutza eta sentimenduak gure baitan elkarlotzea. Horrek ahalbidetzen digu ez bakarrik informazioa edo entretenimendua metatzea, baizik eta gure ikuspegia zabaldu, emozio sakonak piztu eta pentsamendu kritikoa eta sormena garatzea.
Azkar kontsumituz gero, esperientzia huts eta gainazaleko bihur daiteke; baina lantzeko parada hartzen badugu, gure baitan hazten da. Kulturaren benetako indarra egunerokoan ere aurki dezakegu, ekitaldi handietatik urrun: irakurtzen dugun poemaren erritmoan, entzuten dugun bertsoan, elkarrizketa batean pizten den ideian.
Fast foodaren modaren kontra, azkar kontsumitutako zaporearen ordez, barrenean prozesatutako, mamitsua eta iraunkorra den elikadura intelektuala eta emozionala landu behar dugu. Parentesi bat da: isilune bat, barneko mugimendu bat, geure baitan hazten den zerbait, eta denbora eta sosegua behar du. Kultura ez da soilik partekatu beharreko zerbait, gure baitan landu eta gorde beharrekoa da.