IRITZIA

Zer berri? Zaharrak berri

Erabiltzailearen aurpegia Ane Arandia Morgaetxebarria 2026ko otsailaren 26a

Familian betidanik egon gara ohiturei estu lotuta. Gabon gauean, mahaiaren bueltan biltzen garenean, zaharrenak pamintxaren kurruskua zatitu, eta mahai-zapiaren azpian gordetzen du, biharamunean txakurrei emateko. Amorruaren aurkako babesa omen. Aitite hil zenean, aitak hartu zuen lekukoa, eta ogia mahai-zapipean gordetzen hasi zen, bera baitzen anai-arrebetan zaharrena.

Urte berria “urte barri/ txarri belarri, / daukanak eztaukanari / nik eztaukat eta nauri” esanez hasten dugu. Umetan esne hortzak jaustean, genuen indar guztiarekin botatzen genituen teilaturaino, Saguzarrarenganaino heltzeko, “Sagu saguzarra/ eutsi hagin zaharra ta/ ekarri barrie” genioela. Eta benetan sinisten genuen Saguzarrari esker aterako zitzaizkigula hagin berriak. San Juan gauaren hurrengo goizean, goiz altxatu, artean belarretako inontza edo ihintza lurrundu baino lehenago, eta ortozik ibiltzen gara, urtean zehar eztarriko minik ez izateko (sama zarraturik ez eukiteko, aititek esango lukeen moduan).

Negu bukaerari emateko eta euskal karnabaletako zikloari lotuta, bi ohitura mantentzen ditugu Arrankudiagan: kanporamartxo eta Eguen Zuri. Kanporamartxo egunean basora joaten gara, eta txitxi-burduntzia jaten dugu. Esango nuke, ordea, Eguen Zuri dela Arrankudiagako eskolatik igaro garen guztion memorian bizirik dirauen egun berezia. Euskal inauterietan Eguen Zuri umeen eguna da, eta eskola umeak herriko auzoetatik ibiltzen dira eske-koplak abestuz, solomoa eta ogerlekotxu bat eskatuz. Inguruko herrietan ohitura galduta dagoen arren, Bizkaiko beste herri batzuetan ere abesten da, Durangaldean, adibidez. 

Aititek Eguen Zuri abesten zuen eskolan, eta aitaren ume denboretan eskolan euskaraz egin zitekeen ekintza bakarra zen. Eguneko pertsonaia nagusia oilarra da, eta kopletan “oilar gorria ta bai ederra” esanez aipatzen da, ohitura baita lurra kolpatzeko paluekin batera oilarra ere eramatea. Aititeren garaian bizirik zeramaten besoetan, eta “gure besoetan dakargu” kantatzen zuten kopletan. Bidania margolariak 1960ko hamarkadan margotu zuen, eta egun eskola-umeek eramaten dute. 

Aitaren garaian neskak eta mutilak banatuta zeuden eskolan, eta Egun Zuri ere banatuta abesten zuten, neskak alde batetik, eta mutilak bestetik. Kopletan ere aldaketa txiki bat zegoen, neskek “herri honetako neska txikiak/ zuen aurrera gatoz gaur” kantatzen zuten, eta, mutilek, aldiz, “herri honetako mutil txikiak”. Egun, denak batera atera, eta “herri honetako neska-mutilak” abesten dute, aldaketak aldaketa ohitura zaharrei hegoak emanez eta egokituz.

Balada zaharrak dioen bezala “Mila urte igarota, ura bere bidean”. Ohiturak ere uraren antzekoak dira, moldatzen, egokitzen, berritzen dira. Gu ere korronte horren parte gara. Gure aurrekoek guri eman ziguten, horiek gordetzen jarraitu behar dugu, ondorengoek ere kantatu eta bizi dezaten. Horrela egingo du urak bere bidea, etenik gabe.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide