LAB, Steilas eta ELAk deituta, Haurreskolak Partzuergoko langileak greban hasi gara ikasturte honetan, gaur egun bizi dugun egoera batere erraza ez izan arren.
Urtarrilean hainbat mobilizazio egin genituen eta otsailean jarraipena izango dute greba deialdiek, gerentearen aldetik jasotako erantzun eta borondate ezagatik.
Haurreskolen etorkizunaren aldekoa da egun planteatutako greba hau eta begiak zabaldu behar ditugu benetan gauden egoera jasanezina ulertu ahal izateko.
Hau da, funtsean, eskatzen duguna: lan hitzarmena betetzea eta lan hitzarmen berria abian jartzeko negoziazioa, Haurreskolen doakotasuna, Hezkuntza Sailean integratzea, langileak egonkortzea eta aurrekontuak handitzea.
Haurreskoletako langileek hirietan mobilizazioak burutu ditugu orain arte. Baina Aiaraldeko Haurreskoletako langileak Amurrion burutu ditugu gureak, mugikortasun arazoagatik eta gure inguruko familiek aldarrikapenetan parte hartzeko aukera izan dezaten.
Jarritako oztopo guztien gainetik (zerbitzu minimoak...) ezin izan dute mobilizazioetan parte hartu duten langile, familia eta udalen aldarrikapen eta borroka geldiarazi.
Guztion artean indarrak batzen ari gara, oraingoan konponbide bat nahi eta behar dugulako, eta gerentziaren aldetik erantzun bat jasotzea espero dugulako. Haien jarrerak kezkatu egiten gaitu, gure etorkizuna kolokan jartzen duelako.
Aurrera jarraituko dugu eta espero dezagun zerbaitetarako balio izatea, asko baita bidean uzten ari garena.