Maria Ortega Elexpe (Arespalditza, 1988) Aiarar diseinatzaile bat da eta 6 urte daramatza moda munduan ikasten eta lan egiten. Arespalditzako Adam Dram kultura-gune berriarekin batera, Patroi eta Moda kurtso bat antolatu du. Mariak Madrilen, Londresen eta Bilbon egon izan da ikasten eta lan egiten. 2010ean Getxoko GetxoModa diseinatzaile gazteen lehiaketa irabazi zuen eta orain bere hirugarren bilduman dabil lanean.
Zertan datza kurtsoa?
Kurtsoan patroi eta moda diseinuari sarrera bat egingo zaio eta patroi bat zer den, zertarako erabiltzen den eta nola eraikitzen den ikasiko dugu. Argi utzi nahi dut ez dela joskintza kurtso bat, patroiena baizik.
Nola hasi zen ideia edo proiektu hau?
Arespalditzan Adam Dram kultura espazioa irekitzeak, Aiarako bizilagunak kulturaz gozatzera eta kultura praktikatzera lagundu eta hurbildu ditu. Espazio hori edozein arte diziplinari dago irekia (argazkigintza, dantza, antzerkia…) eta horren zuzendariek, Xabi Puertak eta Zutoia Alarciak, ikastaroa ematea proposatu zidaten. Hainbat hilabete daramatzagu gogo handiz prestatzen.
Nori dago zuzendua? Aurre ezagutzaren bat beharrezkoa da?
Jantzi bat hutsetik hasita nola eraikitzen den edo zer den eta nola erabiltzen den jakin nahi duen edonori dago zuzendua. Adin mugarik gabe. Modan interesa duten eta noizbait hori ikastea pentsatuta duten gazteentzat ere oso aukera egokia da. Ez da inolako aurre ezagutzarik behar, hutsetik hasiko garelako, oinarrizkoenetik.
Zer ikasiko da kurtsoan zehar?
Gain-arropen (topak eta blusak), azpi-arropen (gonak) eta soinekoen oinarrizko patroiak garatzen eta euren eraldatze desberdinak egiten ikasiko dugu. Honetaz aparte, XX. mendeko Modaren Historiaren eta diseinatzaile nagusien klase teoriko batzuk ere izango ditugu eta baita gaur egungo modaren funtzionamenduari eta joerei buruzkoak ere. Era berean, ehun eta material desberdinak aztertu, josteko makinaren funtsezko kontzeptuak ikusi eta jantzi-zirriborro edo figurinak nola egin ikasiko dugu.
Ikastaro amaierarako zerbait berezia antolatuko duzue?
Bai, azkeneko asteak banakako proiektu bat egiteko erabiliko ditugu, bertan ikasle bakoitzak bere diseinu propioa sortu eta eraikiko du, benetako diseinatzaile baten moduan lan eginez.
Gaur egun, kurtso honetaz aparte, beste proiekturen batean zaude lanean?
Bai, orain karrera amaierako proiektua izango den nire hirugarren bilduman nabil lanean. Gainera, nire ibilbide profesionala erakusteko balioko didan web orrialde bat prestatzen ari naiz eta, horretaz aparte, ekainean Bilboko diseinatzaile batzuekin hasiko naiz lanean.
Amaitzeko, jendea ikastaroan parte hartzera anima ezazu.
Kurtso honetan parte hartzera animatzen ditut esperientzia berria, dibertigarria eta erabilgarria delako. Ikastaroa oso interesgarria izango da, baina jarraitasuna eta lana behar du. Gehiago jakin nahi duenak 649 950 892 telefonora dei dezake. Itxaroten zaituztet!
Ikastaroaren aurkezpena pasa den larunbatean, otsailak 23, izan zen, baina oraindik apuntatzeko aukera dago. Klaseak 2 ordutakoak izango dira eta larunbatero emango dira. Informazio gehiago lortzeko edota izena emateko 649 950 892 telefonora deitu edo Adam Drametik pasa zaitezkete (la Iglesia auzoa, 2, Arespalditza).