2012ko udarako hainbat euskarazko ekintza antolatu ditu Amurrioko Udaleko Euskara Batzordeak. 5 eta 12 urte bitarteko gazteentzat daude zuzenduak eta uztailaren 2tik 27ra arte egingo dira. Lucas Reyn eramango dira aurrera eta ordutegia goizeko 10etatik eguerdiko 13:30etara artekoa izango da.
Ekintza horien artean kirolak, igerilekua, jolasak, kantak, tailerrak... egongo dira. Era berean, hamabostero Amurrioko auzo, mendi, lantegi eta abar ezagutzeko irteerak antolatuko dira.
Matrikula 51€koa da, erroldatu gabekoek, aldiz, 102€ ordaindu beharko dute. Hala ere, bi anai-arreba edo gehiago dauden familiek 46€ko matrikula izango dute eta 97€koa erroldatu gabekoek.
Izen emateko epea ekainaren 1etik 10era artekoa izango da eta Euskadiko Kutxan Amurrioko Udalak duen kontu korrontearen zenbakian (3035 0089 18 0890020005) ordaindu beharko da matrikula. Horren ondoren kultura etxean izen emate orria eta ordainagiria aurkeztu behar dira. Taldea osatzeko gutxienez 10 haur beharko dira. Onartutakoen zerrenda ekainaren 15ean argitaratuko dute kultura etxean.