Bilduk bere arduradunen Arabako Batzar Nagusietako agerraldia txalotu du eta diru-laguntzak berreskuratzeko ekimenak hasiko dituela iragarri du.
Pasa den ostiralean Aiaraldeko kirol klubek Euskarako, Kulturako eta Kiroletako Komisioan egindako agerraldia oso positibotzat hartu du Bilduk PParen gobernuak bai kirolean eta baita Aiarako Haranean duen utzikeria agerian jarri duelako. Horretaz gainera, klub hauen foru-laguntzak berreskuratzeko ekimenak aurkeztuko dituela aurreratu du, horrela kanpoan jokatzen diren partiduen garraioa erraztu ahal izateko.
Amurrio Club, Kaskagorri, CD Laudio eta Sugarrak taldeen ordezkariek azaldu zuten bezala, laguntzak erretiratzeak bi alternatiba utziko die: Bizkaiko federaziora batzea edo mobilizazio sozialak hastea. Bilduk gogoratu duen bezala, 2006tik 2011. urtera garraiorako laguntzak %75etik %33ra jaitsi ziren, hau da, 39.000 eurotik 13.000 euro izatera pasatu zirela laguntzak.
Egoera honen aurrean, Bilduk adierazi du ekimenak aurkeztuko dituela arabako foru-kameran, De Andres jaunaren Gobernuak “ezinbestekoak” diren diru laguntzak berreskura ditzan.