Atzo hasi ziren Arespalditzako udaletxeko aretoan Felix Mugurutzak eman zuen “Aiara eta euskara: kontatu ez zigutena” solasaldiarekin 2011ko Aiarako Euskararen Egunak. Bihar, urriak 23, 17:00etan ipuin kontalaria egongo da Menoioko kontzeju-etxean, ondoren askaria eta eskulan-tailerrak egingo dituzte betaratzen direnek.
Datorren ostiralean, urriak 28, berriz, euskal musikaren kontzertu didaktikoa egingo dute Badok4 musika taldearekin arratsaldeko 19:30ean Luiaondoko Sozialean. Badok4 taldea Sokaide taldeko lau partaideen artean sortu dute: Ander Tejerina kitarran, Argibel Euba perkusioetan, Igon Olaguenaga trikitixan eta Naroa Gaintza ahotsetan. Bi orduko errepertorioan euskal musikaren historian zehar bidaiatzera laguntzen digute Mixel Labagerieren kantuetatik hasi eta Gose bezalako gaur egungo taldeen abestiekin amaituz. Garaian garaiko doinuak eskaintzen dituzte, banan-banan azalduz eta unean uneko testuingurura gerturatuz, baina kantu bidez, modu atsegin batean.
Egun horretan bertan, gaueko 21:30ean Luiaondoko Sozialean ere kantu-mokadua antolatu dute, hau da, pintxoak afaldu eta euskal abestiak kantatuko dituzte Kale Danetan taldearen laguntzaz. Afarirako lekuak mugatuak dira, 6 euro ordaindu beharko dira eta izena emateko epea urriaren 26an amaituko da. Aiarako Udalaren Vital kutxako 2097 0258 92 0111960754 kontuan dirua ingresatu ondoren, ordainagiria Aiarako Udalean (945399013) aurkeztu behar da, ordaintzerakoan adierazi izen-abizenak eta “Kantu” kontzeptua.
Hurrengo euskararen eguna urriaren 29an, larunbata, ospatuko da bertso sarikada batekin. Sarikada trikitixaz egongo da girotua eta Arabako lau bertsolari gaztek hartuko dute parte: Iñaki Tenak, Beñat Burgik, Asier Zubizarretak eta Sabin Aranburuk, hain zuzen. 13:00etan bertso-poteoa egongo da Arespalditzan eta 14:30ean, aldiz, bertso-bazkaria Llantenoko eskolan. Bazkariaren prezioa 12 euro dira eta izena emateko urriaren 26 arte daukazue, dirua Aiarako Udalaren Vital kutxaren 2097 0258 92 0111960754 kontuan sartu behar da, ordainketa egiterakoan adierazi zuen izen-abizenak eta “Bertso” kontzeptua. Horren ondoren Aiarako Udalean ordainagiria aurkeztu behar da.
Euskararen egunekin amaitzeko, urriaren 30ean, hilabete honetako azkenengo igandean, alegia, Aiara udalerrian zehar goizeko mendi-irteera familiarra egingo dute; irteera Etxaurren Ikastolatik egingo da.