Atzo, uztailak 8, Laudioko udal berriaren lehenengo Udalbatza ospatu zen arratsaldeko 6etan. Osoko Bilkuren aretoa txiki geratu zen han bildu ginenentzako eta baten bat zutik ikusi zuen plenoa.
Gaiordenak 15 puntu izan zituen, batzuk tramite hutsekoak, beste batzuk ez eta Bilduren proposamen asko atzera bota zituzten jeltzale, sozialista eta popularren artean. Horietako bat Osoko Bilkuren ordutegiaren aldaketa izan zen, Bildu eta OMNIA hileko azken astelehenetan 18:00etan egitearen alde agertu ziren eta EAJ, PSE eta PP, aldiz, goizeko 9etan egitea proposatu zuten. Azken bloke horren botoen ondorioz, plenoak goizeetan egingo dira.
Tokiko Gobernu Batzarrari dagokionez, PP eta PSEk parte hartuko ez dutela adierazi zuten eta orain arte Plenoak TGBean eskuordetutako eskumen garrantzitsuenak Plenora bueltatzea eskatu zuten. EAJren laguntzaz Tokiko Gobernu Batzarra eskumen garrantzitsuenik gabe utzi dute bertan Bilduk duelako gehiengoa.
Osoko Bilkuran Natxo Urkixo alkatearen eta Amets Meaza alkate-ordearen soldatak onartu zituzten, EUDELek ezarritako 133.000 euro gordin kobratu ordez, beraien jatorrizkoa kobratuko dute, bien artean 72.800 euro gordin urteko. Zinegotzi guztien soldatak ere onartu ziren, PSE eta EAJren abstentzioekin. Aholkulariaren lanpostuaren eraketa atzera bota zuten EAJ, PSE eta PPren aurkako botuekin eta OMNIAren abstentzioarekin.