Laudioko Lorea Lurrindegia, Onieva Autobusak eta Ana Mari Arraindegia saritu ditu Arabako Merkataritza eta Industria Ganberak Arabako Urteko Erakusleiho Txapelketan. Ekitaldia Laudioko udaleko udalbatza aretoan egin da.
Araba 2 kalean kokatutako Lorea Lurrindegiak urteko erakusleiho onenaren saria irabazi du. 1990ean irekitako eta Yolanda Usateguik eramaten duen dendak batez besteko 8,5eko puntuazioa lortu du 10etik. Urteko erakusleihorik onena izatearen sariaz aparte, New Yorkera bi pertsonentzako bidaia ere eman diete.
Bigarren saria Bidezaharreta kalean dagoen eta Manuel Onievaren jabetza den Onieva Autobusentzako izan da 6,91ko puntuazioarekin. Hirugarren saria, aldiz, Ana Mari Arraindegiak lortu du 6,78ko puntuazioarekin. Saltoki hori 1956an ireki zuten eta Ana Maria Larrazabalek eramaten du.
Erakusleiho Txapelketaren 30. edizioa izan da aurtengoa eta 2009. urtetik aurrera hamabi hilabetetan zehar saltokiek dituzten erakusleihoak hartzen ditu kontuan.