Biharko hainbat ekintza prestatu ditu Gazte Mugimenduak 17. Korrika dela eta. “Euskararekin batera, herria aurrera!” lemapean gaztetxean Herrikadak taldearen kontzertua antolatu dute 22:00ak aldera, hala ere, horren aurretik 20:00etan herriko plazan geratu dira Laudiotik zehar poteoa egiteko Patxaranga elektrotxarangarekin. Ondoren, ekitaldia egongo da gaztetxean.
Aurten Gazte Mugimenduaren Korrikako kilometroa Gazte Independentisten, Gazte Asanbladaren, Ikasle Abertzaleen eta Kirikiño Aisialdi Taldearen artean erosi dute eta 00:55ak aldera hartuko dute lekukoa Villosa parkean. Hori izango da Laudiotik igarotzen den azkenetariko kilometroa, bertatik Aretara helduko baita, gero Orozkorantz abiatzeko.