Laudioko Gasteiz eta Amurrioko Landaburu kaleak eraberritzeko obrak onartu zituen Foru Aldundiak pasa den astean. Konponketak urte honetan amaituko dira obrek zazpi hilabetetako burutzea dutelako. Laudioko Gasteiz kalearen konponketan Aldundiak 1,8 milio euroko ekarpena egingo du eta Udalak geratzen diren 247.000 euroei aurre egingo die.
Berritze proiektuan galtzadaren hobekuntza eta errepidearen bi aldeetan espaloiak jartzea sartzen dira. Plano berriak auzoko jendearekin osatu dituzte autobus geltokia eta zabor bilketa neumatikoaren kokalekua finkatzeko.
Kalearen berritzeak trafiko arazo garrantzitsua konponduko du; 3,5 metroko altuera baino gehiagoko kamioiek bertatik igarotzea saihestu nahi da trenbideen zubian hainbat istripu gertatu direlako.
Amurrioko kasuan, Landaburu kalean 1,7 milio euro gastatuko dira. Eraldaketak 760 metro hartuko ditu bere baitan, San Joseko biribilguneetatik elizaraino, Laudiotik datorren Amurrioko sarrera, alegia. Berrikuntzarekin galtzadaren zabalera murriztu nahi da autoek abiadura gutxitu dezaten, horrela bazter batean espaloi bat, aparkaleku bat eta bizikletentzako errail bat eraiki ahalko dira.