Gabonak gainean ditugu ia–ia, eta aurten ere, Kirikiño Aisialdi Taldeak hainbat ekintza antolatu ditu umeak oporretan aspertu ez daitezen. Hurrena, hilabetean behin antolatzen duten sorgin zapatua da, larunbat honetan bertan, Basalarrinan, arratsaldeko 17:30ak aldera. Ordubetez ipuin kontalariekin gozatu ondoren, umeek Kirikiñoren kontura askaltzeko eta mitologia zintzilikari batzuk etxera eramateko aukera izango dute.
Haur guztiek jakingo dutenez, Olentzero etortzeko eguna hurbil daukagu; hala ere, lehenago gutunak ikazkinei eman behar dizkiete, horretarako, abenduaren 17an Ugartera hurbiltzen diren guztiek euren eskaerak Olentzeroren laguntzaileei jakinarazi ahal izango dizkiete Laudioko talde honi esker.
Ekimen horietaz aparte, Kirikiño Aisialdi Taldeak bi irteera dauzka prest Gabonetarako: lehenengoa, abenduaren 28an, asteartea, Bilbon paintball laserrean aritzera eta bigarrena, abenduaren 30ean, osteguna, Gasteizko izotz pistan ondo pasatzera. Ekintza biak arratsaldez izango dira, DBHko 1. mailatik gorakoentzat eta LHko 3. maila baino gorago daudenentzat, hurrenez hurren. Irteerotan izena eman nahi duena, Laudioko kultura etxetik abenduaren 17a baino lehen pasatu behar da; irteera batera joateko prezioa 15€koa da. Bietara joateko asmoa duenak, berriz, 25€ ordaindu beharko du. Hortaz, ANIMA ZAITEZTE!!