Atzo, abenduak 3, Herrikadak musika taldeak Gasteizen eman zuen kontzertua Su Ta Gar, Doctor Deseo, Betagarri eta beste euskal musika talde batzuen aurretik Mendizorrotzako kiroldegian. Horretaz aparte, duela gutxi atera berri du bere lehen diska eta Aiaraldea.com-ek Herrikadakeko gitarra jotzailearekin, Iker Aranarekin, hitz egin du eta hau da kontatu diguna:
Nola eta nortzuen artean sortu zen taldea? Denbora asko behar izan zenuten?
Herrikadak 2009ko martxoan sortu zen. Ibon Burgok eta biok, urte bat edo garamatzan instrumentuekin, elkar entseatzen genuen batzuetan … eta pentsatu genuen ideia on bat izango zela abeslari eta baxu jole bat bilatzea, talde bat osatzeko. Egun batean, Tuentiko argazki batean, elkarrizketa bat hasi zen musikari buruz, komentatu genuen musikariak bilatzen genituela … eta Beñat Ereño eta Jokin Iriondo agertu ziren. Lehenengoz, 80 hamarkadako bertsioak egiten hasi ginen, baina Ibonek eta biok abesti pare bat geneuzkan prestatuak eta jotzen hasi ginen; gauza ondo zihoan eta abesti gehiago konposatzen hasi ginen. Azkenean, taldea Beñat Ereño ahotsean, Jokin Iriondo baxuan, Ibon Burgo baterian eta Iker Arana gitarran eta koroetan geratu zen. Dena prestatu genuen eta 2009ko abuztuaren 22an Maulen (Zuberoa) eman genuen geure lehengo kontzertua.
Jokin Iriondo baxuaren azkeneko kontzertua Zollon emandakoa izan zen, zer gertatuko da hemendik aurrera? Norbaitek ordezkatuko du?
Jokinek azken kontzertua Zollon eman zuen, erabaki hori taldekideok hilabete bat lehenago edo jakin genuen, beraz, beste baxu jole bat bilatzen hasi ginen eta azkenean, Asier Ibarluzearekin eman genuen (Izargi taldearen bigarren baxua). Asierrek 3 aste daramatza taldearekin entseatzen eta primeran moldatu da. Bere lehenengo kontzertua taldearekin pasa den zapatuan eman zuen Izarran.
Zuen lehenengo diska atera berri duzue, nola joan ziren grabaketak? Asko saldu dituzue jadanik?
Grabaketak nahiko ondo joan ziren, martxoan Urduñako Gazte Egunerako abesti bat grabatu genuelako eta, gutxi gorabehera, bagenekielako nola egiten zen lan estudio batean. Gainera, teknikariarekin harremanak ditugu eta horrek guztiak lana erraztu zuen.
Diskak nahiko ondo saldu dira, kontzertuetan ez ditugu asko saltzen, baina astean zehar jendeak eskatzen ditu eta utzi ditugun tabernetan eta gaztetxeetan nahiko azkar saldu dira ere bai.
Bertan (diskan), zuek eginiko bederatzi abesti sartu dituzue, nork idazten ditu letrak eta nork prestatzen du musika?
Talde honetan, normalean, abestiak konposatzeko norbaitek lokalera ideia bat ekartzen du eta hori garatzen dugu, beste batzuetan, berriz, norbaitek abesti oso bat etxetik eginda ekartzen du. Baina normalena da bakoitzak bere zatia egitea, hau da, nik musika konposatzea eta Ibonek perkusioa; letrak egiterakoan, guztiok hartzen dugu parte batek ekarritako ideia batetik hasita.
Inplikazio handia dakar musika talde bat aurrera eramateak?
Inplikazioa dakar, noski. Handia? Ba, hori bakoitzak erabakiko du. Leku guztietan bezala, batzuk besteak baino gehiago inplikatzen dira, baina azken finean, beti egon behar da bat dena antolatzeko … Geure kasuan astean behin bakarrik entseatzen dugu, 2 orduz gutxi gorabehera eta gero bakoitzak bere etxean lan egin behar du musika ikasten, jotzen, abestiak konposatzen, letrak egiten … Bestela, taldea ez doa aurrera.
Geroz eta jende gehiago mugiarazten duzue, kontzertuetan nabaritzen da?
Egia esan, ez da asko nabaritzen. Aiaraldean jotzen dugunean, normalean kontzertuetara ezagunak, lagunak … etortzen dira eta jendeak taldearen izena ezagutzen du … Baina hemendik ateratzen garenean, gauza aldatzen da, kanpoan ez dute geure izena ezagutzen eta, beraz, hortik jotzea gustuko dugu jende berria, giro berriak ezagutzeko …
Hasi zinetenetik hainbat kontzertu eman dituzue Euskal Herritik zehar, zein izan da bereziena?
Ba, niretzat, eta uste dut taldekide gehienentzat ere, kontzerturik bereziena Maulekoa izan zela; lehenengo kontzertua izan zela albo batera utzita, egundoko esperientzia izan baitzen. Jo genuen lokalean 20 pertsona inguru egongo ziren, kartelean geure izena txarto idatzi zuten (Herrialdeka), gainera jendea izen hori abesten hasi zen … Lehen ezan dudan bezala, kriston esperientzia. Bikain egon zen beste kontzertu bat Altsasuko gaztetxean emandakoa izan zen, eta noski Urduñako Gazte Egunekoa, Laudioko jaietakoa …
Atzo bertan Gasteizen jo zenuten euskararen eguna zela-eta, Su Ta Gar, Doctor Deseo edota Betagarriren aurretik. Urduri egon zineten?
Gasteizko kontzertuak guretzat aukera handi bat izan ziren talde ospetsuekin jo baikenuen eta jende askok ikusi gintuelako, beraz, handik kontzertu berriak etorri daitezke. Gainera, talde ospetsuekin jotzeak ilusioa egiten dio edozein talderi. Urduri ez, baina jotzen dugun guztietan, buruan egoera eta non jotzen ari garen daukagu; egia da ere, eszenatokira igotzeko orduan, halako kontzertu batean, beti ateratzen garela pixka bat urduri, noski.
Politika eta musikaren artean erlazio estua dagoela badakigu, hemengo musika taldeen letretan eta euren kontzertuen arrazoietan ikus daitekeenez, zer iruditzen zaizue erlazio hori?
Zuek esan duzuen bezala, eta ikusi dezakegunez, kontzertuetan musika eta politika lotuta daude. Gainera, normalean taldeak musikan hasten dira euren abestiekin daukaten pentsaera errebindikatzeko. Politika bizitzako edozein egoeratan aurkitu dezakezu: telebista, kirolak … Beraz, musikarekin antzeko gauza bat gertatzen da.
Nola ikusten duzue Euskal Herriko musikaren egoera?
Euskal Herri osoan dauden musika talde guztiak zenbatzen baditugu, zenbaki altu bat aterako da, taldeek bizitza ematen diete jai herrikoiei eta gaztetxeetako jaiei. Datu hau beti albo batean uzten dugu, Euskal Herrian nahiko normala delako herriko jaietara joatea eta kontzertuak ikustea edota asteburu batean kontzertuak egotea edozein gaztetxetan. Baina hemendik ateratzen bagara, beste lekuetan hori ez da normala, jendea tabernetan eta diskoteketan sartzen baita jaiak ospatzeko. Euskal Herriko musika taldeek bultzatzen dituzte jai herrikoiak eta gazteek antolatutako jaiak, beraz, hemen dagoen egoera musikala ez da hain txarra. Talde batzuk onak dira beste batzuk txarragoak dira, baina gehienek helburu on bat daukate.
Zerbait gehiago esan nahi duzue?
Lehenengoz, zuei eman behar dizkizuegu eskerrak, geure taldean pentsatzeagatik elkarrizketa hau egiteko eta, beti bezala, eskerrak eman behar diogu kontzertuetara etortzen den jende guztiari, batez ere geure lagunei, kolaboratzen duten guztiei eta diska erosi duten guztiei. Amaitzeko besarkada handi bat bidali nahi diegu Itxaropen Zikiñako taldekideei eta Jokin Iriondori eurekin urte eta erdi honetan bizi izan dugun guztiagatik. MILA ESKER!