"Ikasturte baterako programa zena ikasturte biko bilakatu dugu". Horiek dira Izaskun Miñano, Laudioko Udaleko Euskara Arloaren arduradunaren hitzak. Sar ezazu hanka egitasmoaren barruan, gazteen artean euskara bultzatzeko proiektua da Oxigenoa Euskarari. Iaz abiatu zuten, urte baterako ekitaldiekin. "Inork gutxik irudika zezakeen zer nolako harrera eta emaitza onak lortu zitzakeen iaz. Hain izan dira onak inpliaktutako alde guzitek egindako balorazioak ezen errepikatu ez ezik indartzea ere erabaki dela", dio Miñanok.
Azaroan hasiko dituzte ekitaldiak eta 2012ko ekainean amaitu. Arrakastarekin batera, gazteen parte hartzea azpimarratu du Udaleko teknikariak. Izan ere, aurtengo edizioari beste 62 gazte batu zaizkio: " Laudio Ikastolatik 39, Laudio Institututik 15 eta La Milagrosatik 8". Azaroaren 3an, asteazkenean, emango dituzte egitarauaren, materialen eta aseguruaren inguruko azalpenak plazako hitzaldi aretoan 17:30ean. Lehengo txangoa, ordea, azaroaren 14an izango da. Gazteak, Julen Reketa eta Leire Urretxu gidari dituztela, Gorobelgo mendilerroa zeharkatuko dute. Miñanok nabarmendu du Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren laguntzaz garatu dutela egitasmoa: "Programaren mendi-garapen teknikoa Mendiak eta Herriak, S. L. mendi gidari enpresaren mende dago".