Ikasturte bereziki zaila izan da ikasleontzat aurtengoa. Izan ere, mundua hankaz gora jarri duen pandemia izan dugu kurtso osoan zehar eta horrek eskubideen murrizpena, kontrola, ezjakintasuna eta ikasleon arteko ezberdintasunak areagotu ditu.
Pandemiaren eta honek ekarritako guztiaren aurrean gu martxan egon gara. Hezkuntza komunitatearekin eta gure artean saretu, herri eskolak defendatu, ekintza feminista ezberdinak antolatu, asanbladetan parte hartu eta grebak deitu ditugu egoera horri aurre egin ahal izateko.
Argi daukagu guk ez baditugu gure eskubideak defendatzen ez dituela inork gugatik defendatuko. Horregatik, ezinbestekoa ikusten dugu ikasleok saretzea, antolatzea eta borrokatzea, ondo antolaturiko ikasleok soilik lor ditzakegulako helburu handiak. Aiaraldean gertutik bizi izan dugu borroka aurten eta argi geratu da borrokak merezi duela.
Kurtso berria ate joka daukagu eta asko dugu borrokatzeko oraindik. Gaur helburu direnak lorpen bihurtuko ditugu borrokatuz, ikastetxeetan garaipen txikiak lortuz helburu benetan handiak lortuko baititugu. Irailaren 2an Amurrioko gaztetxean ospatuko den ikasle eguna lorpen txiki eta ez hain txiki horiek ospatzeko, Arabako ikasle borrokalarien saretzea emateko, gure artean ezagutzeko eta datorren kurtsoan datorkigunari indarrez eta gogoz ekiteko izango da. Hori dela eta, gonbidapena luzatzen diegu aiaraldeko ikasleei egun horretan gurekin haien kezkak eta ametsak partekatzeko, borrokatzeko eta helburuak egi bihurtzeko.
Saretu, antolatu eta borrokatu datorrenari aurre egiteko.
Ikasleria martxan da!