Urte erabakigarria izan da aurtengoa Aiaraldean. Argi ikusi dugu borrokak merezi duela eta horretarako antolatzea eta borrokatzea beharrezkoak ditugula. Larrialdi egoerak agerian utzi ditu arlo ezberdinetako gabeziak eta guk aurre egin diegu. Hamaika izan badira jasotako zapalkuntzak, hamaika izan dira emandako erantzunak.
Nazkatuta gaude, kontrol sozialaz nazkatuta gaude, gazteak kriminalizatzeaz nazkatuta gaude, ikasleok pandemiak ekarri dituen ondorioak ordaindu behar izateaz nazkatuta gaude eta argi utzi izan dugu ez garela isilduko, ikasleon eskubideak defendatuko ditugula eta borrokatzen jarraituko dugula gure hitza erdigunean egon arte.
Horrez gain, ez dugu hezkuntza heteropatriarkalik onartuko eta neska* ikasleok dugun indarra ere gogor erakutsi dugu aurten. Argi daukagu ez dugula jantzi ezta diskurtso morerik nahi hezkuntza errotik aldatzen ez bada eta ez ditugula horiek nahi balore matxistak ikastetxeetan birproduzitzen jarraituko badira.
Ez diogu borrokatzeari utziko euskal eskola duin bat lortu arte. Izan ere, hezkuntza sistemak jaiegun arrotzak inposatzen dizkigu eta horren aurrean guk gure nortasuna defendatu dugu. Aiaraldeko eskola publikoaren aldeko apustua ere egin dugu, hezkuntza edonork izan beharko lukeen eskubidea baita.
Argi daukagu hezkuntza sistemak ez duela gure hitza entzun ohi eta horren aurrean saretzea besterik ez daukagu. Ikasleon eskubideak eta beharrak plazara daitezen antolatu eta borrokatu behar gara eta aurten agerian utzi dugu bagarela aurre egiteko gai.
Isilarazi nahi gaituzte, baita Aiaraldean ere, eta ikasleak zein beste hainbat eragile zigortuak izan gara. Horren aurrean, adierazpen askatasuna gogor defendatzea dagokigu gure hitza entzun dadin.
Bestetik, Aiaraldeko etorkizuna defendatu dugu kaleetan beste hainbat eragilerekin batera, ikasleona ere kolokan egon baita. Duintasunez erakutsi dugu zapalkuntzen aurrean ez garela makurtuko, lehen lerroan egongo garela eta garaipenera arte borrokatuko dugula, Aiaraldean ikasi, lan eta bizi nahi dugulako.
Urte esanguratsua izan da Aiaraldeko herritarrentzat. Eskualdearen nortasuna agerian geratu da, duintasunez eusti baitiogu gertatutako guztiari. Saretzea, antolatzea eta borrokatzea da garaipenerako bidea eta lehen argi bageneukan, orain askoz gehiago.
Borrokak benetan merezi duela ikusi dugu aurten, beraz, zapalkuntzen aurrean markurtu ordez, duintasunez eutsi. Harrotasunez esan dezakegu Aiaraldeak aurrera pausoa eman duela eta pauso horretan Aiaraldeko ikasleria martxan egon dela.
Ez gaitezen makurtu, jarrai dezagun martxan!