Aurten ere jai parekideen aldeko aldarria egingo da San Roke jaietan. Horretarako Laudio Udalak, Berdintasun Zerbitzuaren bitartez, “Ez da kasualitatea” izenpean eraso sexisten eta indarkeriaren aurkako bertso saio musikatua antolatu du. Bertso saioa abuztuaren 17an gaueko 21:00etan izango da txosna gunean.
Ekimen honen helburua bertsozaletasunaren bidez eraso sexisten atzean ezkutatzen diren jarrera guztiak desagerraraztea da. Bertsolariek, guztiak neskak, jaietan ere sortzen diren eraso sexisten kontrako partaidetza gogotsuan sakonduko dute, musika lagungarri izanda.
Bertsolarien artean Uxue Alberdi, Onintza Enbeita, Izar Mendiguren eta Ainhoa Comas izango dira, gai -jartzaile lanak Amaia Agirrek beteko ditu eta musika Xabier Matxain eta Isaak Arrutiren eskutik.
Eraso sexista forma guztiak ezabatze aldera, bertso saio musikatua soilik ez, jaiek iraun bitartean taberna, txosna zein beste jai esparruetan,“Errespetatu, konpartitu, salatu” lemadun txapak banatuko dira.